Juan Luis Ibarra, EAEANko presidente ohia, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kide berria

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
  •  Batzordeak urtebete darama abian, eta eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzeko sortu zen
  • Polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibitatearekiko herritarren konfiantza eta zilegitasuna indartzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoari erantzunez sortu zen batzordea 

Gobernu Kontseiluak gaur izendatu du Juan Luis Ibarra magistratua, EAEANko presidente ohia, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kide. Besteak beste doktore eta irakasle dena adierazitako organoari batuko zaio orain, Joaquín Giménez magistratua ordezkatuz. Polizia-erakundearekiko eta Segurtasun Sailarekiko autonomia funtzionala duen kide anitzeko organo horretan dauden beste 5 kideak dira: Javier Hernáez Manrique, Estefanía Ocáriz Passevant, José Antonio Nieto Antón, Miren Ortubay Fuentes eta Ricardo Egiguren Mendieta.

Batzordea orain dela urtebete sortu zen ofizioz edo alderdi batek eskatuta aztertzeko eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza (uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duenaren 15. artikulutik 20ra). Batzordekideek beti ikertuko dituzte gertaerak poliziaren esku-hartze edo operatiboen testuinguruan edo polizia-zaintzak dirauen bitartean, norbait hil edo larriki lesionatu bada. Horrez gainera, batzordeak jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu eta poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen eta errepikatu egiten diren jokabide-patroiak eta jardunbideak identifikatuko ditu. Batzordearen helburu nagusia izango da polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibitatearekiko herritarren konfiantza eta zilegitasuna indartzea.

BOST URTERAKO IZENDAPENA

Batzordeak izango ditu batzordeburua eta bost batzordekide, eta emakumeen eta gizonen presentzia paritarioaren printzipioa beteko da eta hautagaiek prestigio aitortua, sinesgarritasuna eta esperientzia izan beharko dute segurtasun publikoaren arloan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian, etikan eta antzeko arloetan. Kideen herenak Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren eskaletan eta kategorietan dauden edo egon diren pertsonen artetik aukeratuko dira, eta, gutxienez, hamabost urteko esperientzia izan beharko dute kidegoan. Beste heren bat aipatutako arlo horietan prestigio akademiko aitortua duten langileen artetik aukeratuko dira.

Izendapena bost urterako izango da, eta bitan baino ezin izango da berritu, iraupen bereko denboraldietarako. Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoiak: heriotza, agintealdia amaitzea, karguari idatziz uko egitea, abstentzio- eta isiltasun-eginbeharren ez-betetze larria, epai irmo baten bidezko ezgaitze-deklarazioa, edo dolozko delituagatiko kondena epai irmo baten bidez.

Batzordekideek ez dute inolako lansaririk jasoko euren lanen truke. Nolanahi ere, zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak kobratu ahal izango dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan partida espezifiko bat ezarriko da, batzordeak bere lanak egin ahal izateko behar bestekoa.