Neurriak betetzeko eskatu dute Olentzerok eta Maridomingik Donostian desfilatzeko

0

Olentzero eta Maridomingi abenduaren 24an iritsiko dira Donostiako kaleetara Gabonak iragartzeko eta hirian zehar ibiliko dira, Donostiako haur guztiei opariak utzi aurretik.

Egun bizi dugun osasun egoera kezkagarria kontuan hartuz, Olentzerok eta Maridomingik eskaera berezia egin diete ume donostiarrei zein euren guraso eta senitartekoei: agurtzera hurbiltzen diren guzti-guztiek segurtasun neurriak bete ditzatela.

Oso garai zaila bizi dugu eta udazkena ez da gozoa izan eskoletan. Ume askok pasa behar izan dute garai bat etxean. Aurten ere Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira ilusioa eta opariak banatzera baina oso kontuz ibili behar dugu, ez genituzke Olentzero eta Mari Domingi kutsatu nahi ezta beste inor ere. Eguberri osasuntsuak pasa behar ditugu. Denok elkar zaindu behar dugu datorren urtea birusik gabekoa izan dadin”, adierazi du gaur Eneko Goia alkateak.

Programazioa eta neurriak

Hala, aurtengo kaleko desfilea eta gutunen jasotzea modu egokian egin ahal izateko, neurri zorrotzak hartuko dira. Kaleko ekintzetarako jarritako irizpideak betetzeko neurri espezifikoak hartzea aurreikusten da.:

  • Olentzero, Maridomingi eta galtzagorriek hirigunetik barrena egiten duten ibilbidea luzatu egingo da, jendeak toki gehiago izan dezan.
  • Haurrek gutunak utzi ahal izango dituzte Udaletxe aurreko Alderdiederreko terrazan jarriko den gunean, aire-librean. Horretarako, guraso eta umeek ilara egin beharko dute, segurtasun distantzia zainduz eta musukoa erabiliz. Alderdiederreko terrazan saskitxo bat ipiniko da opari eskariak utzi ahal izateko, baina tamalez ezin izango dute Olentzero eta Maridomingirekin aurrez aurre egon ezta euren magalean eseri ere. Argazkiak egin ahal izango dira, baina ez da Olentzero eta Maridomingirekin hartueman zuzenik izango.
  • Desfilean parte hartuko duten guzti-guztiek musukoa jantzita eramango dute une oro. Ildo berdinean, ibilbidea ikustera edo gutunak ematera doazen guztiei musukoa jantzita eramateko eskatuko zaie, eta mezu hau entzungo da kaleko bozgoragailuen bitartez.

Era berean, ikazkinak eta bere lagunak hiriko auzoetatik barrena ibiliko dira egunean zehar, zentrora joan ezin duten umeek tarte batez agurtu ditzaten.