Euskal Soziometroa: Euskadiko egoera politikoaren eta ekonomikoaren balorazio positiboa

0

Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urteko azken Euskal Soziometroa argitaratu du. Bertan biltzen dira herritarrek egiten duten egoeraren balorazioa eta dituzten jarrera eta balio politikoak. Landa lana 2021eko azaroaren 29a eta abenduaren 3a bitartean egin zen.

EGOERAREN BALORAZIOA

Euskadiko egoera politikoaren eta ekonomikoaren balorazio positiboa

Euskadiko egoera politikoaren balorazio positiboa egiten dute biztanleek; % 65ek uste dute ona edo oso ona dela. Halaber, egoera ekonomikoari buruz egiten den balorazioa positiboa da. Hala, % 67k uste dute Euskadiren egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela. Aldiz, gehienek uste dute Espainiako egoera politikoa eta ekonomikoa txarrak edo oso txarrak direla (% 70 bi kasuetan).

Gainera, biztanleen bi herenek (% 69) diote euren egungo lan egoera ona edo oso ona dela. Balorazio hau EBko batezbestekoa eta Espainiakoa baino hobea da (% 64 eta % 63, hurrenez hurren).

Euskadiko arazo nagusiei dagokienez, lan-merkatuarekin lotutakoak dira, alde handiz, herritarrek gehien aipatzen dituztenak. Horrela, % 56k hiru arazo nagusien artean aipatzen ditu, maiatzean % 68 izan zirelarik.

Bigarrenik, distantzia handira, COVID-19aren pandemiari lotutako arazoak kokatzen dira (% 30), azken neurketan baino dezente gehiago aipatu direlarik (% 16k aipatu zituzten urrian). Hirugarren tokian “egoera politikoarekin, politikariekin eta gatazka politikoarekin” lotutako arazoak leudeke (% 20) eta laugarrenean “arazo ekonomikoak” (% 17). Lau arazo nagusi horien ondoren, biztanleriak “osasungintza eta Osakidetza” (%11) aipatu ditu.

EGOERAREN BALORAZIOA

Zerbitzu publikoen balorazio positiboa

Hamar herritarretik bederatzik (% 86) diote Euskadin zerbitzu publikoak oso onak edo onak direla. Euskadi EBko lehen tokietan dago, Herbehereak eta Luxenburgorekin batera, batezbestekotik oso gora.

Eusko Jaurlaritzaren jarduera hobekien baloratu den arloak honako hauek dira: turismoa (% 68k uste dute jarduera ona dela), euskara (% 54), kultura (% 53), gizonen eta emakumeen berdintasuna (% 50) eta osasuna (%50). Bestalde, balorazio txarrena jaso duten arloak enplegua (% 28), justizia (% 27) eta etxebizitza (% 24) dira.

Zerbitzu publikoek hurrengo urteetan izango duten bilakaerari buruzko itxaropenari dagokienez,% 46k uste dute hobera egingo dutela Euskadin, eta Espainiarekiko hobekuntza espero dutenen kopurua % 30era jaisten da.

Enpresa pribatuek kudeatzen dituzten zerbitzu publikoekin alderatuta, herritarren % 44k uste dute administrazio publikoek kudeatzen dituzten zerbitzuak hobeak direla eta batak besteak bezain onak direla % 31k. Inkestatutako pertsonen % 19k bakarrik uste dute enpresa pribatuek kudeatutako zerbitzuak hobeak direla. Asko handitu da administrazio publikoek kudeatutako zerbitzuen aldeko iritzia 2010etik eta pixka bat 2019arekin alderatuta.

JARRERA ETA BALIO POLITIKOAK

Iñigo Urkullu lehendakaria balorazio onena duen buruzagia da

Euskal politikaz zabaldutako iritzi batzuk hauek dira: “alderdi politiko bakar batek ere ez ditu konponbide egiazki berriak eskaintzen” (%72 ados) eta “erreferendumak metodo onak dira gai politiko garrantzitsuak erabakitzeko” (% 70). Askoz gutxiagok uste dute “alderdi politiko guztiak berdinak dira” (%49) eta “herritarrek benetan eragina dute gobernuek hartzen dituen erabakietan” (% 23).

EAJ-PNV da bostetik gorako balorazioa lortzen duen alderdi politiko bakarra, 0tik 10erako eskalan, 5,2 punturekin. Ondoren, 5etik behera daude PSE-EE (4,4), EHBILDU (4,0) eta Elkarrekin Podemos (3,9). Balorazio txikiena jaso duten alderdiak PP (1,7) eta Vox (0,7) dira. Alderdiekiko begikotasuna ia ez da aldatu azken neurketarekiko.

Buruzagi politikoei dagokienez, baloraziorik altuena Iñigo Urkullu lehendakariari dagokio; 5,5 puntu lortu ditu 0tik 10era bitarteko eskalan. Bigarrenik, Maddalen Iriarte (5,3) dago, 5eko langa gaindituta hau ere. Ondoren, Idoia Mendia (4,8) eta Miren Gorrotxategi (4,6) daude eta, azkenik, Amaia Martínez (2,6) eta Carlos Iturgaiz (2,0). Buruzagi guztien balorazioa ia berdina da urritik.

Biztanleen % 44 “euskal herritarra bakarrik” edo “euskal herritarra, espainiarra baino gehiago” sentitzen dira, % 41 “euskal herritarra bezain espainiarra” eta % 8 baino ez “espainiarra, euskal herritarra baino gehiago” edo “espainiarra bakarrik”.

Independentziari buruzko jarrerari dagokionez, biztanleen % 40 kontra daude, % 32 egoeraren arabera, alde edo kontra leudeke eta % 23 independentziaren alde daude. Biztanleen % 4k bakarrik ez diote erantzun galderari.

Ez dago aldaketa esanguratsurik 2021eko beste neurketekiko.

 

Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 3.333 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±% 1,7koa da EAE osorako, % 95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2021eko azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean egin zen.