Euskalmetek tenperatura goxoak iragartzen ditu Gabon eta Eguberri egunetarako, bereziki isurialde kantauriarrean

0
  • Bi egunetan hodei ugari egongo da, baina ostarteak ere izango dira, eta hego-haizea indartsu ibil daiteke mendialdeetan

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi aldakorra eta tenperatura goxoak iragarri ditu Gabon eta Eguberri egunetarako; bi egun horietan hodeiak nagusituko dira, baina ostarteak ere izango dira, eta hegoaldetik joko duen haizea oso indartsua izan daiteke mendialdeetan. Bestalde prezipitazio arinak ere izan daitezke batez ere 24ko goizaldean eta 25eko arratsaldean.

GABON EGUNA

Euskalmeten arabera, 24an hodeiak nagusituko dira zeruan, nahiz eta ostarte batzuk ere izan daitezkeen. Prezipitazio arinak ere izan daitezke tarteka, batez ere goizaldean. Egun horretan hego-haizea ibiliko da eta bolada indartsuak izan ditzake ageriko lekuetan, batez ere mendialdeetan, eta areagotu egin daiteke gauean.

Tenperaturak goxoak izango dira, 16-17 ºC ingurukoak isurialde kantauriarrean eta 8-10 ºC ingurukoak isurialde mediterraneoan. Tenpera minimoak 10-12 ºC inguruan ibiliko dira itsasertzean eta 3-8 ºC inguruan barnealdean.

EGUBERRI EGUNA

Antzekoa da 25erako iragarritako eguraldia. Zeruan hodeiak izango dira nagusi, nahiz eta ostarteak ere izango diren. Egunaren bigarren erdian hodeiak ugaritzen joango dira eta prezipitazio batzuk izatea espero da, nahiz eta orokorrean arinak eta nohizbehinkakoak izango diren, eta euria egiteko probabilitatea Euskadi iparraldean baino handiagoa izango da Euskadi hegoaldean.

Egunaren lehenengo erdian hego-haizea indartsu ibiliko da, bolada gogorrak eta oso gogorrak izango ditu, baina arratsaldean indarra galtzen joango da eta mendebaldeko edo hego-mendebaldeko ukitua hartuko du. Tenperaturek ez dute aldaketa handirik izango, eta goxoak izaten jarraituko dute.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten web-orriaren bidez (www.euskalmet.euskadi.eus), Twitter kontuaren bidez (@Euskalmet) edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112ra.