Arbitrajeari atxikitzeko Kontsumobideren kanpainak ia 900 atxikipen berri lortu ditu

0

Kanpaina urritik abendura bitartean egin da, eta zati batean Europako laguntzekin finantzatuta dago. Kasu honetan Kontsumobidek sektore jakin batzuetako atxikipenak lehenetsi nahi izan ditu, bai erreklamazio-kopuru handia izaten dutelako bai arbitraje-sistemari atxikita gutxi daudelako.

Kanpainaren hasierako helburua gutxienez 850 atxikipen berri lortzea zen, eta helburu hori larregi gainditu da, 897 atxikipen berri lortu baitira, eta horietatik 407 aipatutako sektoreei lotuta daude. Sektore espezifiko horien artean, honako hauetan lortu dira atxikipen gehien: auto, motozikleta eta bizikleten salerosketa eta konponketarako tailerrak (92); eraikuntza-enpresak, igeltseroak eta iturginak (63); eta akademiak eta ikastetxeak (41). Gainerako 221 atxikimenduak beste sektore hauetan lortu dira: higiezinak eta aseguru-etxeak, abokatuen bulegoak eta aholkularitza-bulegoak, informatika-dendak, liburu-dendak, lora-dendak eta ingeniaritzak, besteak beste.

Kontsumoko arbitrajea kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta enpresa, merkatari edo zerbitzu-emaileen artean sor litezkeen gatazkak konpontzeko biderik errazena da. Sistema horretara atxikitako enpresak arbitraje-epaile baten erabakiaren mende jartzen dira. Arbitraje-epaile horrek ebazpena ematen du, arbitraje-laudoa deritzana eta epai judizial baten pareko balioa duena, eta bi aldeek nahitaez bete beharko dute ebazpen hori.

Arbitraje-sistemari atxikitako negozioak erraz identifika daitezke enpresa guztiek ikusgai duten eranskailu baten bidez. Bereizgarri horrek garrantzizko informazioa ematen die kontsumitzaileei, atxiki gabe dauden enpresen aurretik atxikita dauden enpresak aukera ditzaten, kontsumo-gatazkak adiskidetasunez eta dohainik konpontzeko konpromisoa dutela bermatzen baitu. Atxikitako saltokiak zein diren jakin daiteke Kontsumobidek bere web-orrian eskaintzen duen bilatzaile espezifikoari esker.