Bizkaiko Aldundiak eta Udalak luzatu egin dute Bilbao Bizkaia Turismo Bonuak erosteko epea datorren urteko martxoaren 31ra arte

0

BILBAO BIZKAIA turismo bonuak 2022ko martxoaren 31era arte erosi eta erabili ahalko dira, Udalak eta Aldundiak adostutako neurri horren bidez sektorea babesten eta indartzen jarraitzea da asmoa, izan ere, pandemiaren olatuek gogor jo dute sektorea.

Bonuak www.bonoturismobilbaobizkaia.eus webgunean eros daitezke, honako prezio hauetan: 80€ ostalaritzarako, 50€ jarduera turistikoetarako eta 200€ Bilbo Bizkaian kontsumitzeko produktu turistikoak eskaintzen dituzten agentzietan erabiltzeko.

Gogorarazi beharra dago bonuaren zenbatekoaren erdia bi administrazio publikoek ordainduko dute (Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak) eta beste erdia erosleak. Gainera, Bilbo Bizkaia Turismo Bonuak bateragarriak eta metagarriak dira mota honetako beste edozein ekimenekin.

Gure ingurua ezagutu eta gozatzea

Bonuen kanpaina hau izenduna izango da, beraz, erabiltzaileak bonuak eskuratzen dituenean adierazi beharko du bonuak zer establezimendutan/enpresatan erabili nahi dituen. Bi administrazioek, guztira, 2 milioi euro inbertitu dituzte, erakundeek erdi bana ordaindutakoak, eta 48.000 bonu jarri dira salgai.

Epea luzatzeko erabaki honek sektorea indartzeko beharrari erantzuten dio, bai eta sektorea kanpoko turisten nahiz Bilboko, Bizkaiko eta inguruko herritarren artean erabiltzera bultzatzeko beharrari ere, hartara, gertu egon arren ezagutzen ez ditugun baina deskontu handiak dituzten hotel, ostatu, leku eta jarduerez gozatzeko aukera izan dezaten.

NAN/AIZ bakoitzeko (adinez nagusiak eta egoiliarrak eta/edo bisitariak) 800 euro eskuratu ahalko dira bonutan, eta tiket edo faktura bakoitzeko hiru bonu erabili ahalko dira gehienez ere. Bonuak erabiltzerako orduan, tiketaren edo fakturaren zenbatekoa bonuen zenbatekoa bezainbeste edo gehiago izan beharko da, ez baita eskudirurik itzuliko.

Bonu bat eskuratu dutenek bonuaren QR kodea aurkeztu beharko dute edo, bestela, erosketa egingo duen establezimenduan inprimatutako bonuak aurkeztu.

  • Kontsultak eta zalantzak:

Erosleentzat: 946 123 355 telefono-zenbakiaren bidez edo info@bonoturismobilbaobizkaia.eus. helbide elektronikoaren bidez.

Enpresa eta establezimendu turistikoak

  • 1. motako bonua: Hoteletan, hotel-apartamentuetan, moteletan, pentsioetan, aterpetxeetan, kanpinetan, karabanetarako aparkalekuetan, nekazaritza-turismoko establezimenduetan eta landetxeetan ostatu hartzeko. 80 euroko bonuak.
  • 2. motako bonua: Turismo-gidariak, naturan kirol-jarduerak antolatzen dituzten enpresak —adibidez, turismo aktiboa—, turismo-ibilbideak egiten dituzten garraio-enpresak, bizikleten alokairua, aisialdiko eta kiroletako gauzak alokatzea, bidaiarien kabotaia eta barruko bide nabigagarrietatiko garraioa, autoak alokatzea, lorategi botanikoak eta zoologikoak, museo pribatuak, aisialdirako parkeak edo jolas parkeak eta uretako parkeak, irristatzeko pistak, enoturismo-esperientziak egiten dituzten upategiak eta interpretazio-zentroak. 50 euroko bonuak.
  • 3. motako bonua: Bidaia-agentziak eta Bilbo Bizkaian kontsumorako produktu turistikoak merkaturatzen dituzten bitartekaritzako beste enpresa batzuk. 200 euroko bonuak.

Martxoaren 31ra arte enpresek www.bonoturismobilbaobizkaia.eus. webgunean atxikitzen jarrai dezakete.