Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoan ari zen talde kriminal bat desegin dute

0
  • Operazioan 24 pertsona atxilotu eta 4 ikertu dituzte Euskadin eta Nafarroan
  • 2,5 kilo kokaina, kilo erdi heroina, 18 kilo haxix eta 7 kilo marihuana-kukulu konfiskatu dituzte, bai eta 160.000 eurotik gora dirutan eta debekatutako armak ere
  • Sare kriminalak lantegi espezializatu bat zuen droga garraiatzeko ibilgailuetan aldaketa sofistikatuak egiteko, eta droga garraiatzeko hondo bikoitza zuten 9 ibilgailu konfiskatu dituzte
  • Operazioaren esparruan drogaren salmentarako 8 puntu desegin dituzte Euskadin eta Nafarroan

Ertzaintzak eta Nafarroako Guardia Zibilak polizia-operazio bateratu bat egin dute, MATRINA-SERANTES izena jarri diotena, eta Euskadin eta Nafarroan droga-trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegitea lortu dute.

Droga saltzeko Nafarroan zeuden hainbat punturi buruz herritarrek emandako informazioetan oinarrituta, beharrezko kudeaketak egin zituzten etxeetan droga-mota ezberdinak erostera iristen zen jende mugimendu arraroa zegoela egiaztatzeko.

Lehenengo ikerketen ondorioz, kokaina, heroina, haxixa eta marihuana saltzeko izan zitezkeen 4 puntu identifikatu zituzten Lizarra inguruan (Nafarroan), eta horrekin zerikusia zuten pertsonak zaintzen hasi ziren.

Salmenta-puntuak aztertu zituztenean, agenteak konturatu ziren salmenta-bolumen handia dagoela, eta, itxuraz, ez zegoela hornidura-arazorik.

Ikerketan zehar guardia zibilek Nafarroako 4 salmenta puntu horietara droga hornitzen zuen pertsona identifikatzea lortu zuten. Pertsona horri diskrezioz egin zioten jarraipena, eta egiaztatu zuten Lizarrako Merindadean (Nafarroa) bizi zela eta Bizkaira joaten zela substantzia sorgorgarriak, batez ere, heroina eta kokaina, erostera.

 Operazio bateratua

Jakindakoan oinarrituta, ikerketa bateratu bat ezarri zuten Ertzaintzak eta Guardia Zibilak droga-trafikoaren eta osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik, eta Lizarrako Lehen Auzialdiko eta 1. Instrukzioko Epaitegiak zuzenduta. Bi polizia-kidegoen arteko lankidetzari esker inteligentzia eta txosten operatiboak trukatu zituzten, delitua argitzeko helburuarekin.

Bi polizia-kidegoek lortutako informazioari esker jakin zuten Portugaleten eta Santurtzin ziharduen talde kriminal bat zegoela, eta taldeko kideak, taldearen egitura eta hierarkia, modus operandia eta substantzia sorgorgarriak gordetzeko eta saltzeko erabiltzen zituzten establezimenduak eta higiezinak identifikatu ahal izan zituzten. Agenteen ikerketa zaildu egin zuten taldeko kide bakoitzak operazioak egiteko hartzen zituen segurtasun-neurri zorrotzek.

Ikerketa-fasean frogatu ahal izan zuten talde kriminalak lantegi bat zuela Getxon (Bizkaia) taldeak droga garraiatzeko erabiltzen zituen ibilgailuak prestatzeko. Ibilgailu horietan aldaketa sofistikatuak egiten zituzten, eta mekanismo hidraulikoak eta elektrikoak instalatzen zizkieten segurtasun-indar eta -kidegoek nekez antzemateko hondo bikoitzetan eta zuloetan.

 Atxiloketak eta miaketak

MATRINA-SERANTES operazioaren esparruan 19 miaketa egin zituzten aldi berean etxeetan eta lantegi mekaniko batean. Horietatik 11 miaketa Nafarroako Foru Erkidegoan, Lizarran, Larragan eta Aiegin egin zituzten, eta beste zortzi Bizkaian, Portugaleten, Santurtzin eta Getxoko lantegi mekanikoan. Era berean, droga saltzeko erabiltzen zituzten Portugaleteko 4 taberna ere miatu eta aztertu zituzten. Operazio honetarako bi polizia-kidegoetako espezialitate ezberdinetako 150 agente baino gehiago mobilizatu zituzten.

Egindako miaketetan 2.500 gramo kokaina, 500 gramo heroina, 18 kilogramo haxix, marihuana kukuluen 7 kilogramo, dirutan 160.000 eurotik gora, taldearen zainketa-lanetarako drone bat, errebolber bat, defentsa luzagarri bat, taser pistola bat, doitasun-balantzak, material informatikoa eta aldatutako 7 ibilgailu atzeman zituzten.

Azkenean 24 pertsona atxilotu zituzten (nazionalitate marokoarra duten 13, nazionalitate espainiarra duten 10 eta nazionalitate paraguaiarra duen 1) eta nazionalitate marokoarra duten beste 4 ikerketapean jarri zituzten, guztiak osasun publikoaren kontrako delitua eta droga-trafikoa leporatuta, eta talde kriminaleko kide izatea egotzita.

Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren operazio bateratu honekin amaitutzat eman dute kokaina, heroina, haxixa eta marihuana erosten eta saltzen aritzen zen delitugile-taldea, eta deseginda geratu dira droga saltzeko zituzten 4 puntu Euskadin eta beste 4 Nafarroan.