Barakaldok Munoa finkaren balioa nabarmendu du

0

Barakaldoren harribitxia da Munoa finka, eta hiri barruan nahiz hiritik kanpo ezagutzera eman nahi du udalak. Barakaldoko Kultur Ondare izendapenarekin, udalak 2015ean berreskuratu zituen Munoa finka eta jauregia herritarrentzat. Barakaldoko herritarren artean gero eta ezagunagoa den espazio bat da, eta hiriko parkerik berezienetako bat. 60.000 metro koadroko lorategiak eta jauregi historiko batek osatzen dute, non bisita gidatuak egin daitezkeen Munoa Barrutik-en bidez. Hala ere, Nerea Canterok zuzentzen duten Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Sailak Munoa finkaren balioa nabarmendu nahi izan du hainbat informazio-puntu jarrita, modu horretan, bisitariek finkaren historia ezagutu ahal izan dezaten.

Proiektuak hainbat ekintza barne hartzen ditu, Munoa finkaren irudi bateratua, koordinatua eta modernoa eskaintzeko asmoarekin. Horretarako, espazioaren logo berria diseinatu da, parkearen sarbideetan eta informazio-euskarri eta gida turistikoetan erabili dadin. Horrez gain, totemak jarriko dira finkaren sarbideetan, zeinen bidez parkearen eta jauregiaren elementu komunak eta historikoak azalduko diren, mota askotako informazioa emanez: historikoa, eskultorikoa, arkitektoniko eta botanikoa.

Halaber, sarrera nagusitik hurbil dagoen kotxe-tokiaren eraikinaren balioa goraipatu da, eraikinaren fatxada eta atzeko fatxada irudikatzen dituzten bi olana jarrita. Horrela, ingurua nabarmen hobetu da eta eraikin bakan eta enblematiko horren jatorrizko itxura gogorarazi da.

HORACIO ECHEVARRIETAREN BUSTOA
Neurri horien artean nabarmentzekoa da Horacio Echevarrietaren bustoa jarriko dela. Bere garaiko pertsonaia aberats eta boteretsuenetako bat izan zen Horacio Etxebarrieta. Enpresaburu eta politikariak finkaz gozatzeko aukera izan zuen eta Munoa jauregian zendu zen. Parkearen sarrera nagusiko atearen parean jarriko da bustoa, eta pertsonaia horri buruzko informazioa ematen duen QR kode bat jarriko da.

Laster, Munoa parkeko ate nagusia aldatuko da, baita bi eranskinak ere: burdin forjatuarekin egindako sarrera-atea eta azken horrekin bat datozen alboko bi ate.

Gainera, Munoa jauregiaren ondoan ukipen-pantaila bat jartzeko asmoa dago, jauregiari eta jauregiko barrualdeari buruzko informazioarekin, zeinak, halaber, Barakaldoko udalerriari eta tokiari buruzko informazio orokorra ere eskainiko duen. Era berean, Munoaren edertasuna areagotzen duten Eva eta Dama eskulturei buruzko informazioa deskargatu ahal izango da, figuretan bertan jarritako QR kodeen bidez.

«Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren dirulaguntza batekin egiten ari gara ekintza horiek, zeinek 60.000 euro inguruko kostua izan duten; hori guztia Barakaldoko industria-ibilbideak sustatzeko eta horien zabalkundea eta ezagutza gure udalerritik haratago hedatzeko asmoz», adierazi du Nerea Canterok, Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotziak. Bisitariei eta Barakaldoko herritarrei Barakaldoren kultura eta turismo balioaren eta industria-ondarearen garrantzia helaraztea da helburua.

«Gure hiria lehentasunezko lekua dugu Bizkaiko eta Euskadiko industrializazioaren historia interpretatzeko; izan ere, industria-ondare aberatsa dugu, katalogatua eta babestua, gehienbat Monumentu Multzo izendatutako Munoa finkatik hasi eta mineralen zamalekuekin edo langileen etxebizitzekin amaituta. Horrek esan nahi du industriaren historiatik ibilaldi interesgarria egin daitekeela, ohiko ibilbide turistikoetatik urrun dauden txoko harrigarriak bisitatuz», adierazi du.