Lehendakariak krisi luze honetan zerbitzu publiko “ondo hornituak, antolatuak eta administratuak” izatearen balioa nabarmendu du

0

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuak lagun zituela, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren presidentea, Ana Huelguera, eta presidenteordea, José Angel Quintanilla, karguaz jabetzeko ekitaldiaren buru izan da. Urkulluk Covid-19aren krisi luze honetan zerbitzu publiko “ondo hornituak, antolatuak eta administratuak” izatearen balioa nabarmendu du. “Zalantzarik gabe, Kontu Epaitegiak lagundu egin du, eta laguntzen jarraituko du, herri-administrazioak egunetik egunera hobetzen jarrai dezan herritarrei eskaintzen dien zerbitzua. Etengabeko hobekuntza gizartearen eskakizuna da, eta, gaur, egun ona da Administrazioaren beraren auto-exijentzia gero eta handiagoa dela egiaztatzeko”, gaineratu du.

Bere hitzaldian, Lehendakariak eskerrak eman dizkie Jose Luis Bilbaori eta Jose Angel Quintanillari Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren alde egindako lanagatik. Jose Angeli dagokionez, azpimarratu du honek erantzukizun horretan jarraitzea berme bat dela erakunde publikoetan kudeaketa-sistema aurreratuagoak txertatzen jarraitzeko. Bestetik, Jose Luis Bilbaoren ekarpena aitortu du, baita euskal erakundeen eta Euskadiren alde egindako ibilbide luzea eta eraginkorra eskertu ere. “Lan zintzoa eta zuzena izan da, beti ere gure herriaren aurrerabidea bultzatzen eta gure erakundeak indartzen”, adierazi du.

Halaber, Iñigo Urkulluk azken urteotako ibilbideari jarraipena emango dien Ana Helguera presidente berriari eta Epaitegiko kide guztiei ongietorria eman die. Azken urteetako ibilbideari buruz, lehendakariak Administrazio Publikoaren barne-kudeaketaren hobekuntzan eta gizarteari zor diogun gardentasunean egindako aurrerapenak azpimarratu ditu.