Hezkuntza Sailak 2 milioi euro bideratu ditu ikastetxeetan euskarazko eduki digitalak eskuratzen laguntzeko

0

Diruz lagunduriko eduki digital horiek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetarako eta DBHrako izan beharko dute

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Euskadiko itunpeko ikastetxeei dirulaguntza zuzenak ematea, euskarazko hezkuntza-eduki digitalen hornidura finantzatzeko. Dirulaguntza hauen zenbateko osoa, 2.025.240 eurokoa, sare publikoan eduki horiek eskuratzeko erabili diren irizpide berberei jarraituz ezarri da.

Dirulaguntza hauen helburua da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako euskarazko eduki eta liburu digitalak erabiltzeko eskubidea (horien erabilera-lizentziak) eskuratu duten ikastetxeei horiek finantzatzen laguntzea, bai 2021-2022 ikasturtean bai 2022-2023 ikasturtean erabiltzeko. Material didaktiko horiek 2021ean erosiak izan beharko dute.

Hezkuntzako liburu digitalak esatean, honako honetaz ari gara: ikasmailaren edo irakasgaiaren curriculumean zehaztutako helburuekin bat datozen baliabide eta material interaktiboak, elementu ikonikoak, ikusizkoak, entzumenezkoak eta ikus-entzunezkoak biltzen dituztenak, irakasleak bere irakaskuntza-beharren arabera erabil ditzan. Material horiei esker, ikasleek informazioa modu sortzaile, erakargarri eta kolaboratiboan miatu eta manipulatu ahal izango dute.

Material didaktiko digital hauek egun indarrean dauden curriculum-dekretuetara egokitu beharko dira, eta ikasleen irteera-profilean definitutako oinarrizko gaitasunak lortzeko baliagarri izan beharko dute. Gainera, ikasleen adinera egokitutako zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza-egokitasuna erakutsi beharko dute. Halaber, indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren printzipio, balio, askatasun, eskubide eta betebeharren errespetua islatu eta sustatu beharko dute.

Bete beharreko beste ezaugarri batzuen artean, hizkuntzaren erabilera ez-sexista ere egin behar dute, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotiporik gabea bermatu behar dute. Horiekin batera, familia-aniztasuna, aniztasun afektibo-sexuala eta gainerako errealitate kultural eta etnikoen presentzia bermatu beharko dute.