LABIren Aholku Batzordeak prebentzio-neurriak indartzea erabaki du seigarren olatuari aurre egiteko

0

Gaurko bileran, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Bizi Berri IV Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, dekretu berri bat onartzea erabaki du, prebentzio-neurriak indartzeko eta egungo egoera epidemiologikoari aurre egiteko.

Bilera ondorengo agerraldian, lehendakariak dekretu berrian jasotako edukiaren berri eman du, eta egungo egoera epidemiologikoaren berri eman du. Birusaren transmisiorako arrisku-testuinguru baten aurrean, Lehendakariak azpimarratu du tresnarik onena neurriak konbinatzea eta betetzea dela. Ildo horretan, txertaketa, interakzio sozialak mugatzea eta prebentzio-neurriak betetzeko erantzukizun indibidual eta kolektiboa nabarmendu ditu neurri garrantzitsuen artean.

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu duenez, dekretu hau onartu izana mugakide diren erkidegoetako gobernuekin eta gertuko ingurune geografikoko gobernuekin izandako harremanen isla da, Presidenteen Konferentziaren bileraren aurretik zein ondoren, antzeko prebentzio-neurriak aplikatzeko helburuarekin. “Neurrien aplikazioan komunztadura hori bilatzea izan da Eusko Jaurlaritzaren fase honetako jardunaren irizpide zuzentzailea. Ia bi urteko pandemiaren ondoren, akordioa ezinbesteko baldintza zen aplikatu beharreko neurrien eraginkortasunerako eta gizarte-ulermenerako”, adierazi du.

DEKRETU BERRIA

Egoera berriaren esparruan, LABIren Aholku Batzordeak beste dekretu bat onartu du. Bihar, abenduak 29, jarriko da indarrean, eta indarrean dauden neurriei eusteaz gain, honako erabaki hauek ere hartuko ditu:

  1. Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako gehieneko itxiera-ordutegia 01:00etan izango da.
  2. Oro har, edukiera % 60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta barnealdean.
  3. Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako gehienez 600 pertsona barnealdean eta 800 pertsona kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeko gehienekoa 800 pertsonakoa da, eta 1.200 pertsonakoa kanpokoetan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera % 50ekoa izango da; nolanahi ere, Estatuan beste muga jakin bat aplikatu ahal izango da.
  4. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatuta dago zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzeko edo mahai multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez 10 pertsonara mugatzen dira, bai barrualdeetan, bai terrazetan. Mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia metro eta erdikoa izango da. Neurri horiek berak aplikatuko zaizkie gazteen lokal edo lonjei, txokoei eta elkarte gastronomikoei.
  5. Barrualdeko kirol-jarduera gehienez 10 pertsonako taldeetan egituratu beharko da. Aldagelak % 50ean bakarrik bete ahal izango dira.
  6. 2022ko urtarrilaren 1ean eta 6an, merkataritza-, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak ezin izango dira 08: 00ak baino lehen ireki jendearentzat.
  7. Gomendio gisa 2021eko abenduaren 31tik 2022ko urtarrilaren 1era eta 2022ko urtarrilaren 5etik 6ra bitartean, Gabonetako bazkariak eta afariak egiteko familia-topaketak gehienez hamar pertsonara mugatzea eta gehienez bi familia-unitate bilzea.

Neurriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtarrilaren 28ra arte mantenduko dira.

PANDEMIAREN BILAKAERA

Lehendakariak azpimarratu duenez, olatu berri hau transmisio komunitario baten bidez gauzatzen da, eta ómicron aldaeraren agerpenak eta Gabonetako elkarrekintza sozialaren eta mugikortasunaren gehikuntzak bultzatzen dute. Intzidentzia-tasa altuak izan arren, Lehendakariak adierazi du une honetan ez direla ospitaleetako eta ZIU oheetako okupazioaren proportzioak beste olatuetako berdinak, baina, hala ere, tenkatuta dagoela osasun sistema. Gaineratu duenez, tentsio hori agerian geratzen ari da Lehen Mailako Arretan ere. Egoera horren aurrean, Iñigo Urkulluk adierazi du Osakidetza bere giza baliabideak eta baliabide materialak indartzen eta berrantolatzen ari dela.