Salbuespen gisa egokitutako terrazak mantenduko ditu Barakaldok

0

Barakaldoko Udalak salbuespen gisa gaitutako ostalaritzako terrazen emakida luzatzea erabaki du, 2020an lehenengo alarma-egoera deklaratu zenetik gaituta egon direnak, horrela, edukiera-murrizketek eragindako kalteak arintzeko asmoz. Neurri hori 2022ko urtarrilaren 1ean amaitzea aurreikusita zegoen; hala ere, LABIk atzo hartutako neurriak ikusita, Amaia del Campo alkateak egoera birplanteatu eta terraza horien emakida-aldia luzatzea erabaki du, horien doakotasuna mantenduz, ostalaritza-sektorearen jarduerari eragiten dioten neurri murriztaileek irauten duten bitartean.

Pandemiaren agerraldiarekin batera eta ostalaritzan ezarritako mugak ikusita, Barakaldoko Udalak hainbat neurri hartu zituen koronabirusaren ondorio negatiboak arintzeko. Azken hilabeteetan pandemiaren egoerak hobera egin duenez, Barakaldoko Udalak eta inguruko beste erakunde batzuek erabaki zuten urte berrian sartzearekin batera amaiera ematea terrazen kanpoko espazioa handitzeko asmoz eman ziren ezohiko terrazen emakidei. «Hala ere, gaur egun bizi dugun egoerak jarduketa horiek mantentzera behartzen gaitu, salbuespenezko garai honetan eraginkorrak izan direlako», esan du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

«Urtarrilaren 1etik aurrera nolabaiteko normaltasunera itzuli izana gustatuko litzaiguke, terrazen espazioa hasierako egoerara itzuliz, baina pixka bat gehiago itxaron beharko dugu».

Neurri hori osoko bilkuran onartu behar da, eta ildo horretatik, ostalaritza sektorearen premia kontuan hartuta, alkateak ezohiko bilkura deitu du ostegun honetan bertan, neurriak urtarrilaren 1etik aurrera hartu ahal izateko.

HAUEXEK DIRA OSTALARITZA-SEKTOREARI ERAGITEN DIOTEN ETA BIHAR BERTAN INDARREAN SARTUKO DIREN NEURRIAK:

  • Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak 01:00etan itxiko dira gehienez.
  • Oro har, edukiera % 60koa izango da mota guztietako establezimendu eta barne-esparruetan.
  • Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietan, gehienez 600 pertsona egon ahalko dira barruan, eta 800 pertsona kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehienez ere 800 pertsona elkartu ahalko dira barruan, eta 1.200 kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera % 50ekoa izango da, baina horrek ez du eragotziko Estatuan zehaztutako beste mugaren bat aplikatzea.
  • Jatetxe eta ostalaritzako establezimenduetan, baita diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan ere, debekatuta egongo da zutik kontsumitzea.
  • Mahaiko edo mahai-multzoko bezero-taldeak hamar pertsonakoak izan beharko dira gehienez, bai barruan, bai terrazetan. Mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia metro eta erdikoa izango da. Neurri horiek berak aplikatuko zaizkie gazteen lokal edo lonjei, txokoei eta elkarte gastronomikoei.
  • Barruko kirol-jarduera hamar pertsonako taldeetan egituratu beharko da. Aldagelak % 50ean bakarrik okupatu ahal izango dira.
  • 2022ko urtarrilaren 1ean eta 6an, merkataritza-, ostalaritza- eta sukaldaritza-establezimenduak ezin izango dira jendearentzat ireki 08: 00ak baino lehen.