2021ean Eusko Jaurlaritzak 4,8 milioi euro gehiago bideratu ditu bazterketa-arrisku larrian dauden pertsonak eta familiak pandemiaren ondorioetatik babesteko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

2021ean, pandemiatik eratorritako ondorio sozialen aurrean, bere euste-horma mantendu du Eusko Jaurlaritzak. Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL), kontziliaziorako laguntzen eta Inor Atzean Utzi Gabe funtsaren programen bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak pandemiaren ondorio sozioekonomikoek gehien kaltetutako kolektiboei lagundu die.

2022an, funtsak ekintza berriei bide emango die, nahiz eta Aukerak Suspertzen programa estrukturala izan jada; Erdu programa mantendu egingo da; eta Lehen Urratsa programak proiektu berriei bide emango die, besteak beste, Trapezistak programari, gizarteratzeko ibilbideak aktibatzeko.

Pandemiaren bilakaera ikusita komenigarritzat jo da Eusko Jaurlaritzak 2020ko udaberrian abian jarritako programetako batzuk aurreikuspenetatik harantz mantentzea. Hori da Lehen Urratsa programaren kasua; programa hori 2021eko lehenengo erdian amaitzea aurreikusita zegoen, baina urtearen amaierara arte luzatu eta handitu egin da horrela programa garatzen duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeei esleitutako funtsen hornidura. Programaren hasierako aurrekontua 2,7 milioi eurokoa zen. Kopuru horri 1.968.000 euro gehitu zaizkio, hau da, % 73,3ko igoera.

Lehen Urratsa babes-maila baxuko alojamendu-aukerak errazteko diseinatu zen, Aterpeak zerbitzuaren bidez administrazio publikoek hiru euskal hiriburuetan gaitutako babeslekuetan lehendik hartutako pertsonentzat. Caritas Bilbo, Caritas Gipuzkoa, Arabako Gurutze Gorria, Durangoko Gurutze Gorria, Perualde, Bizitegi, Arrats, Ellacuria Fundazioa, Zabalduz eta Goiztirik arreta, gizarteratze-ibilbideak eta beste zerbitzu batzuk gaitu zituzten horrela ehunka pertsonarentzat.

2020an ekonomia formalaren marjinetan bizirauten zuten pertsonek eta familiek erabateko beherakada edo gabezia izan zuten diru-sarreretan. Familia horiek, kasu askotan, deseskalatze-fasean ere jarraitzen zuten laguntza beharrean. Azken Sarea Indartzen programaren bidez, 2020an 7.621 prestazio eskaini zitzaizkien 3.259 familiari eta pertsona bakarreko 4.362 etxeri, eta horiei hileko 700 prestazio gehitu behar zaizkie.

Oso kaltetua dagoen beste kolektibo bat honako hauek osatua da: seme-alabak beren kargura dituzten pertsonak, normalean emakume bat buruan dela; ikasketa-maila urriko pertsonak; bereziki mendetasun-egoeran dauden edo zaintza-premiak dituzten adinekoak, haien egoera erregularra izanda ere, beren premia guztiak estaliko dizkieten diru-sarrerak lortzen ez dituztenak.

Programa honen bidez, Caritas Bizkaiak, Caritas Gipuzkoak eta Caritas Arabak babes-sistema arruntak baliatu ezin zituzten familiei lagundu diete. Pertsona horiek guztiak 2021eko lehenengo erditik aurrera egongo ziren arriskuan Azken Sarea Indartzen programaren estaldurak 2.901.150 gehigarrirekin zabaldu izan ez balira.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak 2021ean pertsona kalteberenak babesteko jarritako baliabideak, Lehen Urratsa eta Azken Sarea Indartzen programen bidez, zabaldu egin ditu. Guztira, 4.869.150 euro gehiago jarri ditu programa horietarako bakarrik.

Eten digitalak erasandako ikasleentzako eskolaz kanpoko hezkuntza-errefortzuko Aukerak Suspertzen programak 928 familiari —heren bat guraso bakarrekoak— eman zien laguntza 2020ko udaberritik aurrera, 1.114 haurri arreta emanda, iaz. 2021az geroztik gizartearen eta hezkuntzaren arloko ekintza estrukturaltzat hartzen da jada programa, Familiak eta Haurrak Zuzendaritzaren mendekoa, eta hirugarren sektore sozialeko Agintzari erakundearen bidez egituratua. 2021erako aurrekontua 1,3 milioi eurokoa izan zen, eta datorren urtean 1,3 milioi euro bideratuko dira.

Funtsetik sortutako beste apustuetako bat Erdu da eta mantendu egingo da ziurrenik, azterketa-fasean baitago jarraitzea komeni den ebaluatzeko. Adikzioetan esku hartzeko hurbileko programa da, eta 2021eko urrian eskuragarri dauden datuen arabera, 318 pertsona artatu ditu unitate mugikorren bidez, 439 pertsona modu telematikoan eta 260 pertsona talde-saioetan. 405 irteera eta 52 desbideratze egin dira beste baliabide mota batzuetara.

Beste programa batzuk

Aipatutakoez gain, Inor Atzean Utzi Gabe funtsean zegoen Guztion Artean programa: solidaritate-sare antolatu bat, konfinamenduan gizartearen eta familiaren laguntzarik ez zuten pertsonei janaria edo higiene-produktuak erostea, sendagaiak eskuratzea, izapideak eta gestioak egitea eta abar erraztu ziena. Guztira 2.295 jarduera burutu zituen, 911 pertsonari zuzenduak, eta horietan profesionalek eta inskribatutako 1.561 boluntariok parte hartu zuten.

Adik, bestetik, laguntza psikologikoa eman zien bakarrik zeuden pertsonei, bereziki adinekoei, konfinamenduaren ondorioz beren ondoeza emozionala areagotu baitzitzaien. 511 pertsonari zuzendutako 924 jarduera zenbatu ziren. 2021eko ekainera arte mantendu da, eta ekaina arte 115 pertsonei eskaini zaie arreta.

Betirako programak, dolu patologikoa prebenitzearren arreta psikologikoko zerbitzua ematen dienak konfinamenduan senideren bat galdu duten pertsonei, abenduaren 31n utziko dio jarduteari, 500 pertsonari arreta eman ondoren.

Bazterketa-arriskua eta pandemia

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren estatistika-arloak pobreziari eta gizarte-desberdintasunei buruz 2020an egindako inkestaren arabera, Euskadin, pobrezia errealaren inpaktua jaitsi egin zen % 6,1etik (2018an) % 5,6ra (2020an). Horrela, agerian geratu da gizarte-babeseko zerbitzuak eta programak eta ERTEak euste-horma gisa erabili direla eta pandemiaren ondorio ekonomikoak arindu dituztela.

Lehenengo olatutik, Gobernuak hainbat neurri hartu zituen: lehenik eta behin, lehen irakaskuntza-zentroak ixtean, kontziliaziorako laguntzak indartu eta malgutu ziren; GLLek 16 milioi euroko gehikuntza izan zuten dagokien aurrekontuan; gainera, telefonoz eta sistema digitalez, funtsezko bihurtu ziren ohiko zerbitzu batzuk ziurtatu ziren, besteak beste: emakume biktimei arreta emateko telefonoa, 900 840 111, betiON telelaguntza zerbitzua, eta haurrei eta nerabeei arreta emateko Zeuk Esan zerbitzua, 116111.

GLLak indartzeko, sailak 16 milioi euroko aparteko partida bat prestatu zuen 2020an, eta beste 15 milioi gehiago 2021ean; guztira, 43,5 eta 42,5 milioi euro, hurrenez hurren. 2020an, Euskadin —eskueran dagoen azken datua— oinarrizko gizarte-zerbitzuek jasotako 68.000 eskaera baino gehiagori erantzun ahal izan zitzaien; 63.000 eskatzaile, horietatik 35.000 baino gehiago (% 55,55) emakumeak, eta 18.000 baino gehiago (% 28,57) 15 urtetik beherakoak.

Gainera, aldundiekin, udalekin eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin lankidetzan, Gizarte Politiken arloak pandemiaren inpaktu soziala, ekonomikoa eta emozionala arintzeko ekimenak abiarazi zituen Inor Atzean Utzi Gabe funtsaren bidez.