Bilbok onetsi ditu datorren urteko aurrekontuak, 633 milioi eurotik gorakoak

0

Bilboko Udalak gaur onetsi ditu, Aurrekontuen Osoko Bilkura Ezohikoan, 2022rako urteko kontu berriak, datorren urtarrilaren 1ean indarrean sartuko direnak. Guztira, 633.150.000 euro, iaz baino % 8,1 gehiago. «Inbertsio aurrekontu bat, jasangarria sektore guztietan», hala kalifikatu du Udalaren Gobernu Taldeak, ekonomia, enplegua eta herritarren ongizatea bizkortzeko» .

Marta Ajuria Ogasun Saileko zinegotziak adierazi duenez, bi urte eman ostean pandemiaren ondorioei aurre egiten, «2022ari begiratzen zaio uria berpizteko urte baten moduan: zeinean aurrera egingo baita, eta etorkizun hobe baten alde lan egingo, eta Udalaren sail guztiak haziko baitira eta partida handiagoak izango baitituzte, Bilbo seguruago, jasangarriago, erakargarriago eta sendoago baten alde lan egiteko, erronka berriei aurre egiteko inbertsioak izango direlarik«.

Eztabaidaren eta negoziazioaren emaitza izan dira, halaber, talde politiko guztiek egindako zuzenketak, guztira 1.270.000 euro egiten dutenak. Era berean, ezohiko bilkura honetan, aurkeztutako alegazioak ezetsi ostean, azken botazioa egin da eta onetsita geratu da Bilboren aurrekontua, aukera emango diona uriari «aurrerantzean ere funtzionatzeko, eta ondo, gainera».

Juan Mari Aburto alkateak, Osoko Bilkurari amaiera emateko mintzaldian, zorionak eman dizkio Udalbatzari, uriak dituen erronken neurriko kontu batzuk egiteko eta adosteko egindako lanagatik eta ahaleginagatik, alegia, «pandemiatik ateratzeko, ekonomia eta enplegua sektore guztietan suspertzeko eta hirirako nahiz auzoetarako erakargarriak diren proiektuak garatzeko«.

AURREKONTUAREN ZIFRA HANDIAK

2022ko aurrekontuak baditu hiru zifra nagusi:

  • Aurrekontuaren zenbatekoa bera, hau da, 633.150.000 euro, (2021ean baino 47,65 milioi euro gehiago). Beste behin ere, Bilboko Udalaren inoizko aurrekonturik handiena.
  • Udalkutxa fondoetako ekarpena 379,5 milioi euro dira (aurtengoak, berriz, 323 milioi euro izan dira).
  • Eta, bestetik, 2022 ekitaldia zorrik bat ere gabe ixtea (zero zorra). Horretarako, 19,2 milioi euroko kreditu-eragiketa bat aurreikusten da, exekutatu behar izango ez dena, udal gerakinengatik.

Gastuen atalean, gehitu egin dira auzoetako inbertsioak, 50 M €-rekin; Udalaren inbertsio publikoa, bestalde, 115 M € izango da, eta oinarrizko zerbitzu publikoetako gastua (argiteria, zaborrak, saneamendua…) 299 M € izango da, (266 M€, 2021ean). Diru-sarreren atalean, 6,2 M €-ko partida bat aurreikusten da, Zorrotzaurren bizitegi tasatuetarako orube bat salduta; aldiz, Udalkutxa funtsak guztirako diru-sarreren % 60 izango dira.

PROIEKTU AIPAGARRIAK

Zuhurtasuna dela arau, hainbat proiektu estrategiko aurreikusten dira. 2022an gauzatuko diren ekintzen artean, Zorrotzaurre bera aipatu behar da, eta baita ere Artxanda hiriaren birika legez handitzeko eta biziberritzeko asmoa; halaber, Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa handitzeko eta hobetzeko obrak finantzatzea: haur-eskola gehiago eraikitzea; enplegu-plan berriak; gizarte politikak (adinduak…), eta berdintasun politikak, ekitaldi handiak, uriko merkataritzarako eta enpresa berrietarako laguntzak; auzoak hobetzea (Basarrate Landa…), eta beste ekimen asko.