Garamendi Sailburuak hiru transferentzia azkartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

0

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak hiru gai transferitzeko proposamenak bidali dizkio Espainiako Gobernuari, bi gobernuek lehenbailehen aztertu eta onar ditzaten. Espainiako Gobernuak bere konpromisoak ez betetzearen ondorioz, transferentzia prozesua oso atzeratuta doala salatu du Eusko Jaurlaritzak. Halaber, Lurralde Politikako Ministerioari Meteorologia, Itsasertzaren kudeaketa eta Zinematografia babesteko funtsa eskualdatzeko proposamenak igorri dizkioi.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, transferentzia prozesua ez doa behar bezala, Espainiako Gobernuak berak proposatutako eskualdatze egutegian ezarritako epeak ez baitira betetzen ari, ezta urrunetik ere. Egoera horren aurrean, Garamendi Sailburuak transferentzien negoziazioa bultzatzea eta biziberritzea erabaki du, horregatik, negoziazioak arintzeko eta aipatutako hiru gaien eskualdaketa bizkortzeko beharrezko dokumentazioa helarazi dio Isabel Rodríguez ministroari.

Garamendik gai hori bere agenda politikoan sartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, hitzemandako transferentzia proposamenak atzerapenik gabe planteatu ditzan. Sailburuak onar ditzake zailtasun tekniko-juridikoak, eta batzuetan, Espainiako Gobernuaren beraren baitako zailtasun politikoak ere bai. Hala ere, ez ditu ontzat ematen transferentzia prozesuaren gehiegizko luzapenak, eta horregatik, iniziatiba hartu eta Meteorologiaren, Zinematografia babesteko funtsaren eta Itsasertzaren kudeaketaren arloko eskumenei buruzko proposamenak igorri dizkio ministroari.

Azken orduotan Ministerioak bi proposamen bidali dizkio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerari (IMV) buruzkoa eta Trenbide azpiegiturari buruzkoa, oraindik ere proposamen horiek aztertu eta bi gobernuen artean negoziatu beharrekoa. Ministroak joan den irailaren 17an hitzeman zuen urrian bidaliko zituela bi proposamen horiek, eta azkenean, urte bukaeran iritsi dira. Orain ekingo diogu proposamen horien azterketa eta negoziazio prozesuari. Negoziazio horri begira, Sailburuak orain arteko jarrerari eutsiko dio eta ez du inolaz ere sasitransferentziarik onartuko. Espainiako Gobernuari, aste honetan, igorritako hiru transferentziak laster ixtea espero du Garamendik zuzentzen duen Sailak, baita Ministerioak hitzemandako bi proposamenak ere.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, transferentzia prozesuari buruzko aurtengo balantzea eskasa da. Maiatzean, gurera ekarri ditugun zenbait gai gauzatu ziren, eta kasu batzuetan, dagoeneko, herritarrentzako zerbitzuaren ikuspegitik, beren fruitua ematen ari dira. “Hala ere, ezin gara iraganeko lorpenetan geratu. Autogobernuarekin dugun konpromisoaren ondorioz, oraindik transferitu gabe dauden gaiak eskualdatzen jarraitu behar dugu, eta horrela, aurrerapauso handia emango genuke Euskadiko Autonomia Estatutua guztiz betetzeko», adierazi du Sailburuak.

Transferentziak:

Itsasertzaren kudeaketa

Itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa eskualdatzeak berekin ekarriko du Euskal Autonomia Erkidegoan onartzea kostaldeei buruzko araudia betetzeko erabilera-baimen, herri-jabariko emakida, zaintza, babes eta polizia-baimen guztiak.

Meteorologia

Metereologia-transferentziak estazio eta sistema meteorologikoen kudeaketa ekarriko du Euskadira, bai eta Autonomia Erkidegoaren intereseko meteorologia-abisu guztien igorpena eta kudeaketa ere.

Zinematografia Babesteko Funtsa

Zinematografia babesteko funtsaren eskualdatzeak funts horren bilketa eta aplikazioa Euskadiren gain hartzea ekarriko du, sorkuntza eta jarduera zinematografikoa babesteko eta sustatzeko.

IMV

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskualdatzeak Euskadiri aitortuko dio bera izango dela gizarte segurantzako laguntzazko prestazio horren kudeaketa osoa eta ordainketa egingo duena.

Trenbide azpiegiturak

Interes orokorreko trenbide sareko azpiegituren eta zerbitzuen transferentziari esker, Euskadik bere gain hartuko ditu erkidego autonomotik igarotzen diren trenbide garraioko zerbitzuen erregulazioa, plangintza, kudeaketa, tarifa-ahala, koordinazioa eta ikuskapena.