Muniain: “Ilusioz betetako urtea dator”

0

Iker Muniain Lezamako prentsa aretoan agertu da Sadarrera joateko lau egun falta direnean (astelehenean, 21:00etan). Athletic Clubeko kapitainak, urte berriaren hasiera biziaz jabetuta, Iruñean lan bikaina egitea ezinbestekoa ikusten du: “Oso partida zaila izango da, asko borrokatu beharko dugu. Hiru puntu oso baliotsuak dira, eta urtarrilari baikortasun handiagoz aurre egiten lagunduko ligukete”.

Txantreako jokalariaren iritziz, “ilusioz betetako urtea” hasiko da, “bi lehiaketa berrirekin: Kopa eta Superkopa. Erakutsitako maila errepikatzen saiatuko gara, esperientzia polit horiek berriro bizi ditzagun. Baikorra naiz, eta taldea ere bai”.

Muniainek taldeak Ligako lehen zatian erakutsitako irudia defendatu du: “Gehiago asmatu behar dugu golari begira, eta uste dut hobekuntza nabaritzen ari garela. Gainerakoan, pozik gaude egiten dugunarekin, eta uste dut denboraldi honetan askoz garaipen gehiago lortuko ditugula horretan asmatzen badugu”.

Azkenik, taldeetan, oro har, izaten ari diren positibo ugariengatik galdetuta, Athleticeko kapitainak dio “jokalariak salbuespena izatea oso zaila dela, gizartearen esparru guztietan agertzen den zerbait baita. Ahal dugun guztia egiten dugu hori saihesteko, baina ikusten dugu hala ere gertatzen dela. Garrantzitsuena da kaltetuak osasun-egoera onean egotea eta ezer larririk ez gertatzea “.