Athleticeko emakumezkoen harrobiko taldeak, bide onean

0

Reto Iberdrolako eta Lehen Maila Nazionaleko taldeak atseden egunetan murgilduta daude. Bi lehiaketen geldialdia denboraldiaren erdialdean iritsi da, eta biek maila ona erakutsi dute euren ligatan. Roberto Pampinek zuzentzen duen lehen filialak jardunaldi bat jokatzeke dauka oraindik lehen itzulia amaitzeko, eta Ekaitz Garciaren taldeak, berriz, Lehen Maila Nazionalak dituen 26 jardunaldietako lehen hamahiruak jokatu ditu. Estatu mailako bi liga garrantzitsu dira, eta, gerora, lehen taldeko oinarria izango diren jokalariak, emakumezkoen gazte mailako talde zuri-gorrien etorkizuna finkatzeko lanetan dihardute.

Reto Iberdrola, urtebete Bigarren Mailako txartela ziurtatzeko

Aldaketa handiak izango dira datorren denboraldian, maila berri bat sortuko baita (Hirugarren Maila), Reto Iberdrola eta Lehen Nazionalaren artekoa. B talde zuri-gorriaren helburua Reto Iberdrolan duen postua mantentzea da, Emakumezkoen C taldea Hirugarren Maila berrira igotzeko aukerak gal ez dezan. Ez da erronka xamurra, talde handiak baitaude maila honetan jokatzen. Honako hauek dira Reto Iberdrolako Iparraldeko multzoan mailaz igotzeko aukera gehien duten taldeak: Deportivo Abanca, Dux Logroño eta RCD Espanyol; Levante Las Planasek ere, sailkapeneko bigarren sailkatuak, aukera garbiak ditu Primera Iberdrolara igotzeko.

Pampinen taldeak hamaikagarren postuan bukatu du lehen itzulia (salbazioa markatzen du), 13 punturekin. Taldeko jokalariek batez beste 18 urte dituzte eta Emakumezkoen C taldeko fitxadun jokalari askok parte hartzeko aukera izan dute. Teknikaria oso pozik dago egindako lanarekin eta ikasturteko bigarren zatian aurrera egiteko grina erakutsi du.

“Jokalari gazteak ditugu eta uste baino hobeto ari dira lehian. Emaitzek ez dute lagundu, baina aukera asko izan ditugu horrela izateko. Eskarmentu handiko aurkarien aurrean esperientziarik eza eta gaztetasuna nabaritu dira, baina partida guztietan lehiatu gara. Gainera, C taldeko jokalariak agertu dira une batzuetan, eta ez da nabaritu; oso positiboa da. Geldialdi honek pilak kargatzeko balioko digu, eta itzultzean urratsa egin nahi dugu aurrera. Taldea oso ona da. Poza, ilusioa eta gogoa transmititzen dute egunero”.

Emakumezkoen C Taldea, debut itxaropentsua Lehen Nazionalean

Bestalde, emakumezkoen C taldea paper aipagarria jokatzen ari da Lehen Mailan. 17 urte eskaseko batez bestekoarekin, Ekaitz Garciaren neskak II. multzoko goialdean daude. Eskuratu zezaketen 39 puntutik 28 lortu dituzte lehen itzulian eta lehen jardunaldian Osasunaren bigarren taldearen aurka soilik galdu zuten. Bizkerre da sailkapeneko liderra 32 punturekin, Osasuna B eta Añorga atzetik dituelarik. Zuri-gorri gazteak erregularrak izaten ari dira maila zail honetan.

“Hasteko egutegi gogorra genuen. Lehenengo partida kolpe handia izan zen, baina hortik aurrera taldeak gora egin du. Nortasun handia daukagu eta jokalari asko ari dira taldean parte hartzen, baita kadeteak ere, prestakuntza lehenestea baita garrantzitsuena. Kirol arloan liderrarengandik oso gertu gaude eta bisitari bezala galdu ez duen talde bakarra garela esan dezakegu. Gure helburua, orain, etxeko zenbakiak hobetzea da. Oro har, oso pozik nago”.