Euskadin 42 pertsona hil dira 2021ean trafiko-istripuen ondorioz

0

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak 2021eko behin-behineko balantzea aurkeztu du gaur. Aipatzekoa da 2019arekin alderatuta –parekatzeko moduko azken urtea– behera egin dutela hildakoen eta zaurituen kopuruak, % 15 jaitsi dela istripuen tasa eta Euskadiko errepide-sareko mugikortasuna ia pandemia aurreko zifretara leheneratzen joan dela pixkanaka. Kolektiborik zaurgarriena aurten ere motozaleena izan da, 17 pertsona hil baitira talde horretan. Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren estrategia berrian lehentasunezko helburua da, arreta kolektiborik zaurgarrienetara (motozaleak, txirrindulariak, oinezkoak eta pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen erabiltzaileak) bideratzen baitu.

2000. urtean 218 pertsona hil ziren Euskadiko errepide-sarean, 2010ean 67raino jaitsi zen zifra hori, 2019an 51 pertsona hil ziren errepidean eta, oraindik urtea behin betiko itxi ez bada ere, aurten 42ra jaitsi da hildakoen zifra. 2019an baino 9 gutxiago dira, mugikortasunaren ikuspegitik parekatzeko moduko azken urtea izanik. 2020an zirkulazioak murrizketa handiak izan zituen, bi alarma-egoeraren eta hiru hilabeteko konfinamendu zorrotzaren ondorioz, eta 38 pertsona hil ziren errepideetan. Orokorrean, Euskadin beheranzko joera finkatu da bertako kale eta errepideetan gertatutako istripuen eta hildakoen kopuruan.

Analisi estatistikoaren arabera heriotza-tasak behera egin du Bizkaian, 16 hildako (2019an baino 6 gutxiago) eta Gipuzkoan, 16 hildako (2019an baino 3 gutxiago). Araban 10 pertsona hil dira aurten (10 hil ziren 2019an ere).

KOLEKTIBO ZAURGARRIAK

Hildakoen artetik 42, % 48, kolektibo zaurgarriren batekoak ziren: 17 motozikletan zihoazen, bi bizikletan eta bat oinezkoa zen. Aurten hil diren pertsona zaurgarrien ehunekoak, beraz, % 11 egin du behera 2019arekin alderatuta, urte hartan % 59 izan baitziren. 2020an hildakoen % 45 zaurgarriak izan ziren.

Adierazgarria da ibilgailu batek harrapatuta hildakoen kopuruan izandako beherakada. 2019an 13 oinezko harrapatu zituzten, 2020an 6 (konfinamenduaren eta zirkulazioan murrizketak ezarri ziren urtea) eta 2021ean bat.

Motozaleena da oraindik ere kolektiborik kaltetuena, kolektibo horretako 17 pertsona hil baitira (17 motor-gidari eta bidaiari bat), eta 2019an 16 hil ziren eta 2020an 9.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak joan den irailaren 14an onartu zuen Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2021-2025 Plan Estrategikoa, 2030ean, 2020arekin alderatuta, hildakoen eta zauritu larrien kopurua % 50 murrizteko helburu globala duena, 2050erako trafiko-istripuen ondorioz zero biktima izateko ikuspegiarekin.

Planak arreta pertsonarik zaurgarrienetara bideratzen du, prebentziorako sentsibilizazio eta kontzientziazio politiken bidez, eta errepide-sarea erabiltzen dutenen artean, hau da, oinezkoen edo gidarien artean, arrisku-portaerak saihestera bideratutako formakuntza-programak eta ekintza hezitzaileak ezartzearen bitartez.

MUGIKORTASUNA

Mugikortasunari dagokionez, aurtengo urtean pixkanaka leheneratzen joan da, bai Euskadiko hiriburuetako sarbideetan bai mugako Biriatuko pasabidean eta ibilbide luzeko trafikoan. 2020an mugikortasuna, batez beste, % 65 jaitsi zen, eta konfinamendu orokorraren uneetan ia % 90 egin zuen behera.

Mugikortasunak larregi gainditu ditu 2020ko mailak eta 2019koetara hurbildu da, nahiz eta hilabetearen arabera portaerak ezberdinak izan diren. Zehazki, ekainetik aurrera pandemia aurreko mailak ere gainditu dira, nahiz eta abenduan zertxobait behera egin duen.

ISTRIPUEN TASA  

Mugikortasuna leheneratu izanak, hala ere, ez du istripuek gora egitea ekarri. Alderantziz, 2021ean behera egin dute Euskadiko errepide-sarean bai heriotza-tasak bai istripu-tasak, 2019arekin alderatuta. Ertzaintzak erregistratutako behin-behineko datuen arabera, aurten 7.209 istripu gertatu dira (2019an baino % 15 gutxiago eta 2020an baino % 12 gehiago). Bestalde, 417 pertsona larri zauritu dira (2019an baino 33 gutxiago eta 2020an baino 33 gehiago).

Hildakoen tipologiari begiratuz gero, 34 gidariak dira (16 motozikleta-gidariak, 16 autoen edo bestelako ibilgailuen gidariak eta 2 bizikleta-gidariak), 7 bidaiariak (horietako bat motorreko bidaiaria) eta bat oinezkoa.

SENTSIBILIZAZIO-PROGRAMAK

Trafikoko zuzendariak Don’t be dummy! Para ti no hay repuestos(s)/Zuk ez duzu ordezkorik sentsibilizazio-estrategiaren laburpena aurkeztu du. 2017an abian jarri zenetik, bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako prebentzio-programa ibiltari hau 56 herritako 161 ikastetxetara iritsi da, hiru hiriburuak barne direla, eta guztietan parte-hartzaile ugari izan dira.

Guztira 133 ekitaldi programatu dira, eta horietan 28.556 ikaslek parte hartu dute, eta balantzea oso positiboa izan da. Ikasleen % 98k adierazi dute trafiko-istripuei aurrea hartzeko segurtasunaren garrantziaz kontzientzia hartu dutela.

GOMENDIOAK

Egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, komeni da alferrikako joan-etorriak eta jende-pilaketak saihestea, birusaren hedapena geldiarazteko helburuarekin.

Bidaiatu beharra izanez gero:

  • Zirkulatzeko orduak kalkulatu, indarrean dagoen araudiak ezarritako ordutegiak bete ahal izateko.
  • Erabiliko diren errepideen egoerari buruzko informazioa begiratu trafikoa.euswebgunean, @trafikoaEJGV Twiter kontuan, TrafikoaEJGV APPan eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakian.
  • Iragarpen meteorologikoa begiratu euskalmet.euskadi.eus webgunean Euskalmet APPan edo @Euskalmet Twiter kontuan.
  • Abiadura errespetatu eta gidatzeko modua errepidearen inguruabarretara egokitu.
  • Alkoholik, drogarik edo gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ez kontsumitu, eta saihestu arreta galtzeak.
  • Uneoro errespetatu zirkulazio-arauak eta trafikoko agenteen jarraibideak.
  • Ibilgailua beti egoera onean izan.