Errege Magoek beren ibilbidea luzatuko dute Donostiara egingo duten bisitan

0

Berorien Maiestateak, Errege Magoak, urtarrilaren 5ean iritsiko dira Donostiara gure kaleak magiaz betetzeko eta hirian zehar ibiliko dira Donostiako haur guztiei opariak banatu aurretik.

Gaur egun bizi dugun osasun egoera kezkagarria da oraindik, eta, horregatik, Olentzerok eta Maridomingik egin zuten bezala, Errege Magoek Donostiako haurrei eta haien gurasoei eta senideei agurtzera hurbiltzen diren guztiek segurtasun neurriak bete ditzatela eskatzen diete.

Jon Insausti Kultura zinegotziak adierazi duenez, “oraindik ere une zailak bizi ditugu, baina guztion artean Maiestateen bisita abenduaren 24koa bezain ondo igarotzea lor dezakegu, osasun neurri guztiak betez”.

Programazioa

  • Jardunaldia 10:30ean hasiko da, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek Aieteko parkera hurbiltzen diren pertsona guztiak agurtuko dituzte, eta ondoren hiriko hainbat auzo bisitatuko dituzte auto klasiko batean.
  • 15:30ean ohiko karta bilketa egingo da, aire zabalean, udaletxeko terrazan. Aurten bilketak beste edizio batzuetan baino 30 minutu gehiago iraungo du eta 18:00ak arte luzatuko da, ilara bakarra osatuko baita.
  • Aurtengo kabalgatak 30 minutu atzeratuko du irteera eta 18:30ean hasiko da, hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatuz eta ibilbidea Pio XII.aren plazaraino luzatuz. Plaza horretan biratuko du Prim kaletik Bulebarrera itzultzeko. Horrela, ibilbidea kilometro 1 baino gehiago luzatuko da, jendeak Maiestateak ikusteko leku gehiago izan dezan.

 

Segurtasun neurriak

Hala, aurtengo desfilea eta gutunen jasotzea modu egokian egin ahal izateko, neurri zorrotzak hartuko dira. Kaleko ekintzetarako jarritako irizpideak betetzeko neurri espezifikoak hartzea aurreikusten da:

  • Kabalgataren ibilbidea 1 km baino gehiago luzatuko da, jendeak leku gehiago izan dezan.
  • Haurrek beren kartak Alderdi Ederreko terrazan jarriko den gunean utzi ahal izango dituzte, udaletxearen aurrean, aire zabalean. Ilara bakarra egingo da Errege Magoei gutunak eman ahal izateko. Ilaran dauden pertsona guztiek maskara behar bezala jantzita eraman beharko dute, eskuak garbitu beharko dituzte terrazarako sarbidean, eta jatorri desberdineko taldeen arteko distantzia (1,5m) kontrolatuko da. Errege Magoek eta pajeek ere maskara eta eskularruak eramango dituzte uneoro.
  • Kabalgatan parte hartzen duten guztiek maskara jantzita eramango dute uneoro. Ildo beretik, ibilbidea ikustera edo gutunak ematera joaten diren pertsona guztiei maskara jartzeko eskatuko zaie, eta mezu hori kaleko bozgorailuetatik entzungo da. Ez da gozokirik jaurtiko, eta publikoarekin ahalik eta interakzio txikiena izango da.