Teknologia kimiko iraultzaile bat garatzeko Europako proiektu baten buru da UPV/EHU

0
PRUEBA

Produktu kimikoak ekoizteko teknologia iraultzaile bat garatuko du UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko SUPREN (SUstainable PRocess ENgineering) ikerketa-taldeak zuzentzen duen CATART proiektuak. Horretarako, arlo ezberdinetako ezagutza konbinatuko dute: fotonika, materialen zientzia, katalisia, ingeniaritza kimikoa eta adimen artifiziala.

Materialen zientziaren, adimen artifizialaren eta erreakzio kimikoen eremuak konbinatuz, bioerregaien aitzindariak sortzeko teknologia bat diseinatzea da CATART europar proiektuaren helburua. Teknologia hori garatzeko ura eta karbono dioxidoa bezalako molekula berriztagarriak erabiliko dituzte. Proiektu horrek 3,2 milioi euroko dirulaguntza jaso du Europako Batasuneko HORIZON-EIC-2021-PATHFINDEROPEN-01 programatik.

Zehazki, “proiektuak eguzki-energia jasotzeko teknologia bat garatu nahi du, eta, hortik abiatuta, ur edo karbono dioxido molekulak hidrogenoa edo karbono monoxidoa sortzeko baliatu, hurrenez hurren. Izan ere, bi produktuek hainbat aplikazio dituzte industria kimikoan eta hidrogenoa erregai berde gisa erabil daiteke”, azaldu du Iker Aguirrezabal Telleria proiektuaren buruak eta SUPREN ikerketa-taldeko ikertzaileak —Pedro Luis Ariasek zuzentzen du ikerketa-taldea—. Beraz, “helburua da teknologia edo prototipo bat diseinatzea, eguzki-argiaren bidez erabili ahal izango dena, bai hemen bai planetako beste leku batzuetan, eta, aldi berean, leku bakoitzeko baldintza meteorologikoetara egokitzeko gai dena, prototipoak ahalik eta hidrogeno eta karbono monoxido gehien sor dezan. Fotonikaren, materialen zientzien, katalisiaren, ingeniaritza kimikoaren eta adimen artifizialaren (machine learning bidez) ezagutzak konbinatuta, teknologia autonomo bat garatu ahal izango da, produktibitatea maximizatzeko gai dena”, gehitu du Aguirrezabalek.

Gainera, ikertzaileak dioenez, “teknologia horren berritasuna erreakzio kimikoa egiteko eta, aldi berean, produktua bereizteko gai diren materialak diseinatzean datza. Gaur egun, ez dago material bideragarririk halako erreakzio eta bereizketak batera egiteko. Ez dago hiru osagaiak integratzen dituen teknologia edo ekiporik ere: materialaren diseinua, argiaren xurgapena eta adimen artifizialaren bidezko optimizazioa. Beraz, proiektu horren ondorioz aurreikusitako teknologiak hainbat produktu kimiko ekoizteko modua aldatuko du”.

CATART proiektu europarreko ikerketa-taldea Europako bost herrialdetako zortzi bazkidek osatzen dute: bost unibertsitate, ikerketa-zentro bat, ETE bat eta industria-bazkide bat. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko SUPREN (SUstainable PRocess ENgineering) ikerketa-taldeak zuzentzen du proiektua. Horrez gain, erakunde hauek parte hartzen dute: Pavia Unibertsitatea (Italia), Glasgow-eko Unibertsitatea (Erresuma Batua), Eindhoven-eko Unibertsitatea (Holanda), Amsterdamgo Unibertsitatea (Holanda), Berlingo Max Planck Institutua (Alemania), Chemify, Glasgow-eko Unibertsitatearen startup-a, robotikaren eta adimen artifizialaren alorretan lan egiten duena, eta Johnson Matthey enpresa ingelesa batik bat katalizatzaileen diseinuan eta ekoizpenean lanean diharduena.