Bilboko Udalak lanerako espazioak eskaintzen dizkie enpresa berriei “

0

Bilboko Udalak, hirian enpresa-proiektuak abian jartzeko pertsona eta enpresentzako laguntza-lerroaren esparruan, Auzo Factory sarearen bidez prestatutako eta hornitutako lan-espazioak eskaintzen ditu. Sare hori hiri-inguruneetan kokatutako espazioek osatzen dute, eta enpresa-proiektuei eta enpresa sortu berriei coworking-espazioak, modulu itxiak eta espazio komunak eskaintzeko gaituta daude, denbora-tarte jakin batean abian jartzen eta finkatzen laguntzeko.

Ekintzaileei eta enpresa gisa eratu aurreko enpresa-proiektuei zuzendutako proiektu bat da, bai eta hiru urtetik beherako antzinatasuna duten enpresei zuzendutakoa ere.

Auzo Factory sarearen helburua bikoitza da: alde batetik, erabilera eta erabiltzaile desberdinak dituzten azpiegitura berriak sustatzea, enpresa-ekintzen eta eragile soziokulturalen arteko interakzioa lortzeko, espazio bera partekatuz. Eta, bestetik, herritarren, elkarteen, eragileen, ekintzaileen eta enpresen arteko sormenerako eta elkarbizitzarako erreferentzia-espazioak finkatzea, beren jarduera hiriarentzat estrategikoenak diren sektoreetan ardaztuz.

Une hauetan, Bilboko Udalak lanerako espazioak eskaintzen ditu Harrobiko, Boluetabarriko eta Irazabal-Matikoko Auzo Factory-etan. Lanerako espazio horiek erabiltzeko interesa duten ekintzaileek edo enpresek oinarriak kontsultatu ditzakete esteka honen bidez.

AUZO FACTORY-AK HARROBIAN, BOLUETABARRIN ETA IRAZABAL-MATIKON

Harrobia Auzo Factoryn aldi baterako kokapena eskaintzen da enpresa-moduluetan eta coworking espazioetan, Bilbon kokatu nahi duten enpresa-proiektuen, enpresen eta profesionalen sustatzaileentzat, jarduera ekonomia sozial eta solidarioaren balioak (ESS) eta printzipioak errespetatuz eta egokituz egiteko.

Auzo Factory hori Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloaren (EKONOPOLO) parte da. Haren helburua ekonomia sozial eta solidarioaren erreferentzia eta garapenerako gunea izatea da, eta, besteak beste, gizarte-ekintzailetza kooperatiboaren garapena errazten du, enpresak asmatu, abian jarri eta laguntzeko prozesuak lagunduz, helburu horretara egokitutako prestakuntza, orientazio eta planen bidez.

Bestalde, Boluetabarriko Auzo Factoryn, Galdakao errepideko 10. zenbakian kokatuta dagoena, eduki digitalen sektoreko eta teknologiako proiektu berritzaileei zuzendutako coworking-espazioa eskaintzen da. Baita ere, sormen- industriei eta zerbitzu aurreratuei.

Irazabal-Matikoko Auzo Factory Matiko kaleko 10. zenbakian kokatuta dago eta eremu digitaleko eta teknologiako ekintzailetza-proiektuetan zentratutako coworking-espazio bat du. Bertako jarduera sormen-industrian eta zerbitzu aurreratuetan ardazten da ere.

EKINTZAILETZARI LAGUNTZEA

Gainera, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, aholkularitza-zerbitzu espezializatu bat eskaintzen du, enpresak, saltokiak edo startup-ak martxan jartzen laguntzeko: BIG Bilbao Ekintzailetza Zentroa. Bilbon negozio berri bat sortu nahi dutenek informazioa eska dezakete BIG Bilbao zentroan, telefono bidez 944 20 53 60 zenbakian edo big@bilbaoekintza.bilbao.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.