Errege Magoak neska-mutilekin elkartuko dira berriro»Gau Magikoa» ikuskizunean

0

Ilusioz eta pozez gainezka egongo da, berriz ere, Bilbao Arena, bihar, urtarrilak 5, Olentzerorena eta gero urteko gaurik magikoena dena ospatzeko: Ekialdeko Errege Magoen gaua. Dena prest dago ja, eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak harrera egin die Ekialdeko Maiestateei gaur goizean, Arriaga Antzokian, biharko topaketa magikoari azken ukituak emateko.

Bigarren urtez jarraian, Bilboko Udalak bertan behera utzi behar izan du Melchor, Gaspar eta Baltasarren ohiko Kabalgata, pandemiari aurre egiteko prebentzio- eta segurtasun-arrazoiengatik. Kabalgataren ordez, Gabonetako pertsonaia magikoek «Gau Magikoa» ikuskizuna eskainiko dute bihar, urtarrilak 5, Bilbao Arenan. Lau saio egongo dira: 11:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 19:00etan.

Errege Magoek topaketa baliatu dute herritarrei arduraz jokatzen eta segurtasun-neurriak betetzen jarrai dezatela eskatzeko. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak eskaera bera egin du: «nonahi dagoen birusaren amesgaiztoa bizi-bizirik dago, eta, beraz, zuhurtasunez eta arduraz jokatu behar dugu, pandemia geldiarazteko neurriak zorrotz-zorrotz bete behar ditugu eta elkar zaindu behar dugu. Etxeko txikiek horixe egin dute, pandemia hasi zenetik. Erakutsi digute zeintzuk diren osasun-krisi honen benetako balioak: indibidualismoak baztertzea eta taldean lan egitea, etorkizunari baikortasunez eta ilusioz begiratuta», nabarmendu du.

MAGIAZ BETETAKO LAU EMANALDI

Magia, ilusioa, umorea eta poza izango dira ikuskizunaren ardatz nagusiak, eta ikusleen parte-hartzea ere ezinbestekoa izango da. Errege Magoek jasotzen dituzten milioika kartak opari eta desio bihurtzeko erabiltzen duten makinak kalte bat edo beste jasan du Bilbora bidean, eta ez du funtzionatzen. Bertaratuen zeregina izango da makina hori konpontzea, Maiestateen bi arduradunak, Truski eta Traski, ez baitira gai tramankulua martxan jartzeko. Hutsegitea zein den jakiteko, ikusleek abestu eta dantzatu egin beharko dute, baina beren eserlekutik mugitu gabe!

Euskarazko zortzi kantuk gidatuko dituzte ikus-entzuleak, Errege Magoen langileek makina berriro martxan jartzeko biziko dituzten abenturetan zehar: Elurra Teilatuan, Kolore Kolore, Zirkorrika, Lan Rober Ran, Do Re Mi, Gure Animaliak, Erregeak Datoz eta Maite Zaitut.

SARRERAK

Sarrerak abenduaren 30ean jarri ziren salgai udal webgunearen atal honetan2 euroko prezio sinbolikoan eta erosketa bakoitzeko lau sarrerako mugarekin.

Joan den urtean ez bezala, 2022an 6.000 lagunentzako lekua egongo da: iaz baino 4.000 pertsona gehiago (1.500 ikusle sartu ahalko dira emanaldi bakoitzeko). Eta, Olentzero eta Mari Domingiren ikuskizunarekin egin bezala, bildutako dirua Norai Bilboko elkartera bideratuko da —hainbat jatorritako haurren garapen pertsonala lantzen dute, musikaren bitartez—.

IKUSKIZUNA ZUZENEAN

Mundu guztiak izan dezan Errege Magoak ikusteko aukera, bihar, urtarrilak 5 (eguaztena), Gau Magikoa ikuskizuna emango dute Bilboko Udalaren webgunean eta sare sozialetan (Bilbao Udala eta Bilbao Jaiak), eta Bilbao Arenan jazotako guztiaren ikus-entzunezko materialak ere argitaratuko dituzte.

Streaming bidez ere emango dute ikuskizuna, 11:00etanbilbao.eus webgunean zein @BilbaoUdala Facebooken kontuan, eta dozenaka irudi eta bideo igoko dituzte udal sare sozialen kanaletara.

Era berean, komunikabideek —ETBk eta Radio Bilbao-Cadera Ser irratiak, kasu—, Udalarekin elkarlanean jardun nahi izan dute, ikuskizunaren zabalkundea egiteko.