BetiON teleasistentzia zerbitzuak kalifikazio altua du aurten ere erabiltzaileen artean

0

BetiON, Euskadiko telelaguntza aurreratuko zerbitzuarekiko oso pozik jarraitzen dute aurten ere erabiltzailek. %93,4k oso nota ona edo ona ematen dio, erabiltzaileen artean urtero egiten den eta 2021ari dagokion asebetetze-inkestaren arabera. Zehazki, hamarretik bostek baino gehiagok ematen dute puntuaziorik altuena (%55,7a), 5etik 4,5eko batez besteko nota lortuz, aurreko urteetan lortutako emaitzen ildotik.

Betionek, hamargarren urteurrena ospatu berri duena, 62.711 pertsona erabiltzaileekin itxi zuen 2021 urtea. Ohikoa denez, erabiltzailearen batez besteko profila bakarrik bizi den 80 urtetik gorako emakume batena da.

«BetiONeko erabiltzaileek pozik jarraitzen dute aurten ere, guretzat funtsezkoa den zerbitzu batekin. BetiON erorikoen aurrean sakatzeko botoi bat baino askoz gehiago baita. Pertsona bakoitzaren behar espezifikoei erantzuten dien arreta pertsonalizatua eskaintzen duelako” esan du Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendari den Marian Olabarrietak.

BetiON zerbitzuaren erabiltzaileek, batez ere, zerbitzuaren erabilgarritasuna baloratzen dute. Larrialdi edo gorabeheraren bat gertatuz gero abisatzeko aukerari, zerbitzuak senideei transmititzen dien lasaitasunari eta edozein unetan laguntza eskatzeko aukerari garrantzia emanez. Hiru eremu horietan lortutako gogobetetzea %90etik gorakoa da.

Gainera, %56k, erabiltzaileen erdiak baino gehiagok, betiON telefono bidezko arreta-zerbitzua erabili du noizbait azken urtean. Eta zerbitzu hori erabili duten ia pertsona guztiek adierazi dute oso pozik daudela jasotako telefono bidezko arretarekin (%94a).

Gorabeherak sortzen badira, denbora-tarte egokian erantzuten dira beti, inkestatutako pertsonen arabera. Gainera, kasuen erdian baino gehiagotan, espero zena baino arinago. Erabiltzaileak ere pozik daude instalatutako teknologian egindako konponketekin.

Telefono bidezko arretari dagokionez, gehien baloratzen den zerbitzua aldian behingo deiak jasotzea da, erabiltzailearen egoeraz interesatuta. Eta, batez ere, betiON telefono bidezko arreta-zerbitzuko langileen adeitasunarekin adierazitako gogobetetasun handia nabarmentzen da.

Ikerfelek urtero egiten duen inkesta honen helburua da zerbitzuaren gogobetetze globala ezagutzea, zerbitzuan alta emateko prozesuaren inguruan ikertzea, teknologiaren erabilera eta esku-hartze teknikoak aztertzea, erabiltzaileek asistentzia-programa nola erabiltzen eta onartzen duten zehaztea, eta izan daitezkeen gorabeherak ezagutzea eta hobetzeko iradokizunak jasotzea. Guztira 404 elkarrizketa egin dira aurten erabiltzaileen eta haien senideen artean: 343 erabiltzaileei eta 61 senideei.

Telelaguntza aurreratua

Euskadik telelaguntza-eredu berritzaile bat du, gizarte- eta osasun-zerbitzuen eta -prestazioen koordinazioan oinarritua, eta zahartzearen erronkari aurre egiteko diseinatua, mendekotasunaren eta kronikotasunaren alderdietan. Zehazki, betiON gizarte-laguntzako eta -interbentzioko zerbitzu tekniko bat da, erabiltzaileei aukera ematen diena, telefono-linearen bidez eta komunikazio-ekipamendu eta informatika-ekipamendu espezifiko batekin, arreta iraunkorreko zerbitzu bat izateko, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, larrialdi edo gizarte-premia egoerei erantzun egokia emateko berariaz prestatuta dauden pertsonek artatuta, dela beren kabuz, dela beste baliabide komunitario batzuk mugituz.

Egun, euskal telelaguntza publikoa bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonentzat da, mendetasun-arriskuan dauden pertsonentzat, mendetasun aitortua duten pertsonentzat eta gizarte-isolamenduko arriskuan dauden pertsonentzat; eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen, ZUZENEANen 012 telefono-zenbakiaren eta hiru lurraldeetan dituzten bulegoen edo https://www.euskadi.eus/betion webgunearen bidez eska daiteke.