312.000,00 euroko dirulaguntza Urola Kostako enpresentzat, eskualdeko langabeak kontratatzeko

0

Urola Kostako Udal Elkarteak 312.000,00 euro emango ditu dirulaguntzatan. Eskualdeko enpresei bideratutako dirulaguntza da, kontratazio gastuei aurre egin eta langabeen kontratazioa errazteko. Ekimena enplegua sustatzeko 2021eko planaren barruan kokatzen da eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du.

Covid-19ak eragindako pandemiak egoera ekonomikoa erabat aldatu eta aurrekaririk gabeko shock ekonomikoa eragin du. Egoera honetaz jabetuta, lehentasunezkotzat jotzen da enplegua indartzeko neurriak ezartzea. Hala, deialdi honen helburua  bikoitza da: alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, beste alde bestetik, enplegu-politika aktiboak indartzea, langabeen kontratazioa errazteko.

Hori lortzeko, hain zuzen ere, bideratu da eskualdeko enpresentzako dirulaguntza deialdi hau, eskualdeko langabeak kontrata ditzaten. Oinarri hauek arautzen duten dirulaguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du eta Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko du.

Deialdi hau kokatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen barruan (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru laguntza deialdia, enplegua sustatzeko toki ekintzetarako: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko ekainaren 16ko ebazpena, EHAA, 2021-06-30). Horrenbestez, dirulaguntzen deialdi honek bete behar ditu Lanbideren 2021eko deialdiak ezarritako baldintza guztiak.

Deialdiaren xehetasunak:

Deialdi honetan lehentasuna izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2021eko ekainaren 16ko ebazpenak onartzen duen deialdiak ezartzen duena betetzeko). izan ere, 23 diru laguntza gordeko dira emakumeak kontratatzen dituzten eskabideentzat.

Kontratuen iraupena eta lanaldia:

Diruz lagunduko diren kontratuek honako ezaugarriak izan behar dituzte:

  • Iraupena: 3 edo 6 hilabete
  • Lanaldia: %50 edo %100
  • Epealdia: 2021-04-01etik 2021-12-31ra arte

Dirulaguntzen zenbatekoa izango da 3.000,00 euro eta 9.000,00 euro artekoa, kontratuaren eta kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera.

Bete behar diren baldintzak, prozedura, eskabideak baloratzeko irizpideak eta gainerako xehetasunak oinarrietan daude zehaztuta hemen.

Eskabideak aurkeztea

Eskabideak Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira:

Oinarriak eta eskabideak egiteko ereduak nahiz zuriketak egiteko eredu eta eranskinak  eskura daude hemen.