Bilboko KIUB-ek klabeak eta aholkuak ematen ditu “urtarrileko aldapan” aurrezteko

0

Kontsumitzaileen eta komertzioen ohiturek egutegiak aldatzen dituzten arren, oraindik ere jende askorentzat urtarrilaren 7a Gabonen amaiera eta merkealdiaren hasiera da. Urteko garai kontsumistenetako bat dator, «urtarrileko aldapa» astunarekin batera. Bilboko Udalaren Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) zenbait gomendio eman ditu, herritarrak modu arduratsuan eta osasun aldetik era seguruan kontsumitzearen garrantziaz jabetu daitezen, baita merkealdietan ere, laster negukoa dator eta.

“Urtarrileko aldapari” aurre egiteko, Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak zenbait aholku praktiko ekarri ditu gogora kontsumo arduratsuaz. Omicron aldaerak kasu gehiago sortzen dituenez gero, gomendatu du osasun-neurriak mantendu daitezela, kutsatzeak prebenitzeko. Horregatik, Osasun eta Kontsumoko zinegotziak herritarrei eskatu die «musukoa erabili dezatela dendetan sartzean, jende-pilaketak saihestu ditzatela, eta gel hidroalkoholikoa erabili dezatela salgai dauden produktuak ukitu aurretik eta ondoren”.

Hona hemen KIUBen aholkuetako batzuk:

  • Aurrekontu bat finkatzea, alferreko erosketarik ez dezagun egin soilik produktuak merkeago daudelako. Gainera, kontuan izan behar da beherapena produktuen prezioari bakarrik aplikatzen zaiola, ez kalitateari edota garantiari.
  • Produktuen prezioak erkatzea, bat hautatu baino lehen.
  • Erosketa-tiketa, faktura, are establezimenduaren publizitatea (non erosketaren baldintzak azaltzen baitira) gordetzea. Hori oso lagungarria izan daiteke etorkizunean zerbait itzuli nahi izanez gero arazorik egon ez dadin. Izan ere, itzulketak dira erreklamazioak egiteko arrazoi nagusia merkealdietan. Puntu honetan, kontsumitzaileak jakin behar du produktuak ez badauka akatsik enpresak EZ duela zertan aldatu, ezta dirua itzuli ere, salbu eta publizitatean hala adierazten badu.
  • Ordainketa egiteko moduak aztertzea. Izan ere, kreditu-txartelek zenbait gastu dakartzate, ekonomiari eusteko kaltegarriak izan daitezkeenak. Kontu berezia izan behar da “revolving” deritzon txartel motarekin: hilean kuota finko bat ezartzea ahalbidetzen du, erosketak modu automatikoan geroratzen ditu, baina kreditua gehitzen du. Hobe da horrelako txartelik ez erabiltzea.
  • Kontsumoko arbitraje-sistemako merkataritzaren aldeko apustua egitea da kontsumo arloko gatazkak konpontzeko modurik errazena.
  • Dendetara musukoarekin joatea, jende-pilaketak saihestea, pertsonen arteko segurtasun distantzia (1,5 m) errespetatzea, eta eskuetan gel hidroalkoholikoa ipintzea produktuak ukitu aurretik eta ondoren”.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak gogorarazi du KIUBek ematen dituen zerbitzu guztiak Zerbitzuen Agirian jasota daudela eta agiri hori aplikatzekoa den kalitate-arauaren arabera ziurtatuta dagoela.