Guatemalara joango den Bilboko Udalaren ordezkaritzako burua Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia izango da. Ordezkaritzak genero-indarkeriari buruzko jardunaldi batzuetan parte hartuko du, urtarrilaren 11n eta 12an, San Lucas Sacatepéquez herrian. Han, indarkeria matxista prebenitzeko eta arreta emateko udal politika azalduko du, Amaia Domingo Berdintasun Saileko zuzendariarekin eta Miguel Pérez Lankidetza Sekzioko buruarekin batera.
Programari hasiera emateko, topaketa feminista bat egingo da. Gero, “Emakumea eta indarkeria” mahai-ingurua egingo da, Amaia Domingo Berdintasun Saileko arduradunaren eskutik, eta amaitzeko «Emakumeak eta indarkeriak» lanerako eta taldeko gogoetarako mahaia egingo da. Biharamunean, urtarrilak 12, udal arduradunek Hijas de San José kontsultategiko klinika mediko eta oftalmologikoa bisitatuko dute. Gainera, emakume gazte antolatuen sarearentzako ekipamenduko instalazioak bisitatuko dituzte Coatepeque-n (Mexikoko mugatik hurbil, Erdialdeko Amerikatik Estatu Batuetara doazen migratzaileen karabanen bidean). Instalazio horiek heldurik gabe dauden neskatoen harrera-lekua ere izango dira.
Guatemalara bideratu du, urteetan, bere lankidetza-lanaren zati handi bat Bilboko Udalak. Azken lau urtean (2018-2021) 1.145.000 euro igorri ditu herrialde horretako proiektuetara. Hain zuzen ere, 2021eko ekitaldian Udalak bi proiektu handi egin ditu han berdintasuna bultzatzeko, baita genero-indarkeriaren aurkako programak ere. Asmoa da indarkeria matxistaren emakume bizirauleak gizarteratzeko tokiko sareak sortzea San Lucas Toliman herrian, eta emakumeen eta tokiko erakundeen artikulazioa sendotzea berdintasunaren aldeko borrokan eta giza eskubideen aldeko defentsan San Lucas Sacatepequezen. Horrez gain, ur eta saneamendu proiektuak bultzatu dira Euskal Fondoarekin batera Vera Paz departamentuan.
Modu berean, udal ordezkaritzak Erdialdeko Amerikako herrialde honetara egingo duen bidaia aprobetxatuko du Bilboko Udalak, diruz lagundutako proiektuak identifikatu eta beraien jarraipena egiteko, eta Bilboko Udalaren inbertsioa bideratzen den lurraldeetako arduradun politikoekin lan-batzarrak egiteko.
2021EKO PROIEKTUAK
- Indarkeria matxistaren biziraule diren emakumeak gizarteratzeko tokiko sareak
Ekimen hau oraindik ere exekutatzen ari da eta 69.905 euroko aurrekontua dauka. Beraren bidez, Nazioarteko Elkartasuna euskal gobernuz kanpoko erakundearekiko lankidetzan, indarkeria matxistaren bizirauleak diren eta AMLUIDI zerbitzuaren laguntza jasotzen duten emakumeei ematen zaien arreta integrala hobetu nahi da. Hartara, gizarteratzeko eta errekuperaziorako banako planak ezarriko dira, emakumeak gizarteratzeko eta beraien ahalduntze ekonomikorako bat eginik lan egiten duten erakunde publikoen, enpresen eta tokiko elkarteen sare baten bidez. Zerbitzuaren arreta integraleko langileak zona horretakoak dira. Horri esker, zerbitzua eskatzen duten emakume gehienen ama-hizkuntzan ematen dute arreta, eta beraien kultura ezagutzen dute.
2018an, Bilboko Udalak bere babesa eskaini zion AMLUDI-ri, indarkeria matxistaren biziraule diren emakumeentzat alternatiba produktiboak sustatzeko, honako proiektu honekin: “Indarkeriaren biziraule diren emakumeak, ahalduntze ekonomikoaren eta ingurumen-jasangarritasunaren alde San Lucas Tolimán-en (Sololá)». Horri esker, hondakin solidoak bildu eta saltzeko hiru zentro jarri ziren abian, emakume bizirauleen hiru taldek kudeatuak. Orain, Bilboko Udalak hondakinak biltzeko zentro berri bat eratu nahi du, indarkeria matxistaren biziraule diren beste emakume talde baten ardurapean egongo dena.
Hondakinak biltzeko zentro horiek lankidetza-itunak egingo dituzte ikastetxeekin, GKEekin, eta elkarte eta erakunde publikoekin, hondakin solidoak behar bezala sailkatu eta bota beharraz sentsibilitatea sortzeko, eta zentroen bilketa-bolumena areagotzeko. Modu berean, emakumeek artisautzako objektuak eta beste objektu batzuk egingo dituzte hondakin solidoekin, saltzeko; horrek negozioaren errentagarritasuna hobetuko du. Proiektuak AMLUDI lankidetza-hitzarmenaren babesa dauka, AMLUDIk eta Atitlán Recicla/ Amigos del Lago ekimenak 2019ko abenduan sinatua.
- Emakumeak eta tokiko erakundeak indartzea eta artikulatzea berdintasunaren eta giza eskubideen aldeko borrokan
Begirada intersekzionalarekin, baterako hezkuntzaren bitartez, proiektu honek (OSCARTE euskal GKEarekiko lankidetzan) komunitatearen sustapen eta garapen autonomo eta integrala bilatzen du, 2030 Agendaren ildoan. Horretarako, emakumeen ahalduntzea, gizonen erantzukizun aktiboa eta berdintasun eza sortzen duten jarreren aldaketa bultzatuko dira San Lucas Sacatepequez-en.
Hamazazpi jardueraren bidez, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunerantz egin gura dugu, tokiko erakundeekin komunitate-lana indartuz, eta prebentzioa eta arrisku-egoeran dauden emakumeentzako arreta landuz (emakume horietako gehienak indigenak dira eta bizitzako uneren batean indarkeria pairatu dute).
Horrez gain, jakintza trukatzeko jardunaldiak egingo dira. Haietan, emakumeen eta giza eskubideen aldeko ikaskuntzak eta lorpenak partekatuko dira ikuspegi lokal eta global batetik. Programa honek 70.000 euroko aurrekontua izan du eta exekuzio-fasean dago.
2022KO PROIEKTUA
- Babes komunitarioko eta genero-indarkeriaren arretako sistema hobetzea
Proiektu honen bidez, genero-indarkeriaren prebentzioan, emakumeen ahalduntzean, eta sexu-indarkeriaren biktimekin eta nesken (ume nahiz nerabe) salerosketaren biktimekin lan egiten duten emakume eta gazteen sarerako ekipamendua hobetu nahi da. Aterpetxe bat ireki da Coatepeque-n, eta babes handiagoa behar du. Izan ere, Mexikorekin muga egiten duenez, pertsonen salerosketako eta indarkeriako kasuak biderkatu dira inguruan, migrazioari eta narkotrafikoari lotuak (narkotrafikoa oso hedatuta dago zona horretan). Ekimena oraindik identifikatzeko eta definitzeko dago, eta 70.000 euroko inbertsioa jasoko du. Coatepeque hirian egingo da, Mexikoko mugatik hurbil, Medicus Mundi Bizkaia GKEarekin lankidetzan.