Barakaldo Kirolak zerbitzuak Lasesarreko kiroldegiko tenis-pistetako teilatua berrituko du

0

Lasesarreko kiroldegiko tenis-pistetako teilatua hondatuta eta narriatuta dago. Hori dela eta, Barakaldoko Udalak, Barakaldo Kirolak zerbitzuaren bidez, erabat eraberrituko du teilatua, eta horretarako 178.000 euro inbertituko ditu. Adjudikatzear dagoen obra uztailean hasiko da, denboraldia amaituta dagoenean, instalazioak erabiltzen dituzten klub desberdinek eskatu duten bezala: Ibarreta Tenis Club eta Bide Alde.

Obrak beharrezkoak dira, gaur egungo teilatua, polikarbonatozko plaka zeharrargiak dituena, kaltetuta dagoelako eguraldi txarra dela-eta; batez ere txingorragatik. Gainera, argiteria berrituko da behar berrietara egokitzeko, gunearen erabilera egokia bermatzeko.  «Gaur egun, teilatuko eremu zeharrargitsuak degradazio-egoera larrian daude; izan ere, txostenean azaltzen denez, materiala zahartzen ari da eta fenomeno atmosferiko bereziki biziek kalteak eragiten dituzte. Hori dela eta, ezinezkoa da kirol-instalazioak behar bezala erabiltzea», adierazi du Iñigo Asensiok, Barakaldo Kirolak zerbitzuko presidenteak.

Lanei esker zeharrargituriko eremuen estalduraren egungo egoera beste irtenbide batekin aldatu ahalko da, tenis-pistetako teilatua osatzen duten eraikuntza-elementuen iraunkortasuna bermatzeko. Horretarako, teilatuan zeharrargitutako materiala euskarri-egiturari eragin gabe ordeztea proposatzen da; bai eta aurrez lakatutako txapa grekatuz osatutako estaldura berri bat jartzea, erretenak garbitzea, dauden luminarien ordez estalkiaren baldintza berrietara egokitutako LED motako luminaria berriak jartzea ere.

Gaur amaitzen da eskaintzak aurkezteko epea; hortaz, obra adjudikatzear dago. «Klubak eta Barakaldo Kirolak zerbitzuaren erabiltzaile asko itxaroten zeuden obra bat da hau. Lanak uztailean hasiko dira, udan gauzatu eta ikasturtearen hasieran prest egon daitezen», adierazi du Asensiok. Gauzatzeko aurreikusitako epea, lanak hasi ostean, bi hilabetekoa izango da.