Bilboko Udaleko hiri berroneratzearen sailak eraikinen irisgarritasuna hobetzen lagunduko du

0

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratze Sailak aspalditik bultzatzen du etxebizitzen irisgarritasuna, igogailuak jartzeko eta oztopoak kentzeko laguntza emanez. Horrela, SURBISAren jardun-eremuen barruan dauden etxebizitza-erabilerako eraikin pribatuen irisgarritasuna hobetu gura du. Izan ere, eremu horretan, igogailurik ez daukaten eraikinen portzentajea askozaz handiagoa da Bilboko batezbestekoa baino.

Nora Abetek, Hiri-Berroneratzeko Sailako zinegotziak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak onartu berri dituen laguntza ekonomiko berriak aprobetxatuta, 2022/23 eraikinen irisgarritasuna hobetzeko plana abian jarri du. Laguntza ekonomikoen eta babes tekniko eta juridikoko programa bat da, Bilboko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko irisgarritasun-obrak erraztu eta finantzatzeko.

Plan hori kontuan izanik, SURBISAk –Eusko Jaurlaritzaren laguntzak kontuan izanik (batera izapidetzen baitira)– obraren kostu osoa diruz lagunduko du (kostua, BEZ, ordainsari teknikoak, eta udal zerga eta tasak barne), 44.000 euroko mugaraino jabe erkidegoarentzat.

Modu berean, familiei euren diru-sarreren araberako dirulaguntzak emango dizkie (gehienez kostu osoaren % 85). Familia zaurgarriek, berriz, laguntza berezi bat eskatu dezakete, % 100erainokoa.

Laguntza horiek etxebizitza-eraikin pribatuen jabe erkidegoentzat eta etxebizitzen eta lokalen jabe eta bizilagun diren diren pertsonentzat dira, SURBISAk esku hartzen duen jarduera-eremuan baldin badaude (Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbide auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda).

Urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren obretarako emango dira dirulaguntzak. Eskaera egiteko epea 2023ko abenduaren 31n amaituko da. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak eta Surbisak ematen dituzte; Surbisak koordinatuko du eskaera.

Laguntza honen bidez finantzatu daitezkeen obrak dira eraikinak eta beraien ingurunea irisgarritasun-baldintzetara egokitzeko obrak, besteak beste:

  • Oztopo arkitektonikoak kentzen dituzten igogailuak berritzea edo jartzea.
  • Oztopo arkitektonikoak kentzea.
  • Bide publikotik dauden sarbideak berritzea.
  • Ekipo eta tresnak berritzea eta seinale egokiak jartzea.

LAGUNTZA TEKNIKOA ETA ADMINISTRATIBOA

SURBISAren esku-hartzea ez da bakarrik ekonomikoa. Udal sozietate honek komunitateei orientazioa eskaintzen die: igogailua jartzeko aukerak, kokalekua eta dimentsioak, erkidegoak hartu behar dituen erabakiak, behar diren gehiengoak, obren kontratazioa eta abar.

Surbisak erkidegoei eta bizilagunei lagun egiten die prozesuan zehar, bizi-kalitatea eta irisgarritasun unibertsala hobetzeko asmoz.

Horretarako, bereziki familia zaurgarrienak babesten ditu, eta behar den bitartekaritza eskaintzen du, erakinean igogailua jarri ahal izateko.

AUZOKO BULEGOAK, IRISGARRITASUNA BULTZATZEKO

SURBISAk inbentario bat dauka, bere esku-hartze zonetan dauden eraikinen kontserbazio-egoerarekin. Hala, igogailurik ez daukaten eraikinetan, informazio-lan intentsiboa egingo du, instalazio hori jartzearen aldeko interesa pizteko. Zazpi Kaleetan, Bilbo Zaharrean, Iralan, Olabeagan eta Zazpilandan irisgarritasuna hobetzeko auzoko bulegoa izango da.

Duela zenbait urte, Surbisak auzoko bulego bat izan zuen Otxarkoagan, igogailuen instalazioa bultzatzeko. Une honetan, San Ignazion beste bulego bat dauka, helburu berarekin.

Auzoko hurbiltasunak izugarri errazten du erabakiak hartzea eta kontratazio-prozesuari heltzeko eta obren finantzaketa egokia egiteko behar den informazioa jasotzea. Horregatik, SURBISAk ahalegin berezia egiten du behar den leku eta momentuetan auzoko bulegoak sortzeko.

Bilboko etxebizitza-eraikinetan irisgarritasuna hobetzea funtsezko ardatza da Hiri Berroneratzearen Sailarentzat. Igogailua edukitzea edo ez erabakigarria da pertsonen autonomiarako, etxebizitzetan bizitzen jarraitu dezaten eta, finean, hobeto bizi daitezen.

Gainera, Bilbao Balioen Hiria-ren balioekin identifikatzen da, garapen jasangarriaren helburuekin bat etorriz. Izan ere, eraikinen irisgarritasuna hobetzeko plan honek berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa bultzatzen ditu.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku-hartze integrala sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela; hala nola, mugikortasuna, eremu publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.