Osasuneko sailburuak Legebiltzarrean ireki du urtea pandemiak Euskadin duen bilakaera aztertuz

0

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik agerraldia egin du gaur Legebiltzarrean, 2022. urtearen hasieran, Euskadin pandemiaren egoeraren berri emateko eta aztertzeko, Covid-19 pandemia kudeatzeko neurriei buruzko Legea betez.

Bere jardunean azaldu duenez, Omicron aldaeraren agerraldiak “eszenario zeharo berri” batean kokatu ditu Euskadi eta gainerako herrialdeak pandemiaren bilakaeran, osasun-sistemaren presioa ikusita. Sailburuak adierazi duenez, bilakaera “ez da ona” eta nahiz eta kasu gehienak larriak ez izan, ohartarazi du arriskuak oso handia izaten jarraitzen duela oraindik pertsona kalteberentzat.

Sistema asistentzial osoaren presio gero eta handiagoaren aurrean, Osasun Sailak eta Osakidetzak eguneratu eta egokitu egin zuten estrategia, hiru helburu lortzeko: diagnostikoaren azkartasuna handitzea, lehen mailako arretaren lan-karga arintzea, eta kontaktuen jarraipen-taldeen ahaleginak kolektibo ahulenetara bideratzea. Helburu horiek lortzeko hainbat neurri hartu ziren. Sailburuak oraingo egoerari aurre egiteko antolaketa-neurri berria ezagutzera eman du:

FARMAZIAKO TESTA

  • Orain arte, farmaziako antigeno-proba batean positibo ematen zuenari eskatzen zitzaion osasun-sistemari jakinarazteko farmaziako testari buruzko webguneko formularioaren bidez.
  • Hemendik aurrera, farmazia-proba batean positibo ematen duen pertsona bat etxean isolatu behar da, COVID izateko probabilitate handiagatik. Jakina, sintomek okerrera egiten badute, lehen mailako arretak artatuko du. Baja bat kudeatzeko pertsonak baieztapena behar badu, webguneko formularioa bete behar da, botikako testari buruzkoa, positiboa dela baieztatzeko.

Gainera, Osasun Sailak erretiroa hartu duten medikuntzako eta erizaintzako langileen lankidetza eskatu du COVIDaren aurka jarduteko lanetan laguntzeko. Orain arte 129 pertsonak eman dute izena: 56 medikuk eta 73 erizainek.

OSASUNA/HEZKUNTZA

Urteko lehen eskola-egunean, Sagardui sailburuak Osasun eta Hezkuntza Sailen arteko lankidetza aipatu du, protokoloak egungo egoerara egokitzeko. Hala, hainbat kasuistikatarako bete beharreko jarraibideak azaldu ditu:

  • Ikasle batek sintomarik badu, etxean geratu behar du, eta euskadi.eus-eko «nola jokatzen dut?» atalean dagoen sintomen formularioa bete behar du. Baliabide telematikoak erabiltzeko gaitasunik ez badute, osasun-zentrora deitu ahal izango dute. Baina webak izan behar du bide nagusia, zitazioak bizkorragoak izango direla bermatzeko.
  • Ikasgelan COVID kasuren bat badago, gainerako adingabeek eskolara joaten jarraitu behar dute eta prebentzio-neurriak bete. Sintomarik ez badago, ez da etxean geratu behar eta, berariaz adierazi ezean, ez zaie proba diagnostikorik egingo.

Kasu gehiago badaude eta egoera epidemiologikoaren eta aukeraren arabera, Zaintza eta Errastreorako Sareak zentroetan esku-hartze gehigarriak egitea baloratuko du.

TXERTAKETA

Sailburuak berriro egin du deia txertoa jartzeko, bai 5-11 urteko kolektiboarentzat, bai errefortzu-dosirako 45 urtetik gorakoentzat, baita aurretik txertorik hartu ez duten guztientzat.

Sailburuak berriro egin du txertaketarako deia, bai 5-11 urteko kolektiboarentzat, bai indartze-dosiarentzat. Gaurtik aurrera, Osakidetzak behera egin du 40 urtetik gorako pertsonak zitatzeko adinean, indartze-dosia emateko.