Bilboko Udal Musika Bandak, Bilbao Musikak antolatutako Orkestra Zuzendaritzako VI. Topaketen amaierako kontzertuarekin hasiko du 2022a

0

Seigarren urtez jarraian, Bilboko Udal Musika Bandak, Bilbao Musikak antolatutako Orkestra Zuzendaritzako VI. Topaketen amaierako kontzertuarekin emango dio hasiera urte berriari. Aurreko edizioen arrakastaren ondorioz, finkatutako ekimen erreferentea bihurtu da, bai Estatu mailan, bai nazioarte mailan.

Programaren helburua orkestrako zuzendaritzaren ikasketak gaur egungo formazioetan sustatzea da eta baliabide teknikoak eta artistikoak eskaintzea talde instrumentalen zuzendaritza garatzeko.

Hitzordua ostiral honetan izango da, urtarrilaren 14an, 18:30ean, J. Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Bertaratzen den publikoak Dietrich Buxtehude, Tetsunosuke Kushida, Alfred Reed, Guy Woolfenden eta Andrés Valero-Castells bezalako autoreen lanak izango ditu entzungai.

Hamar bat zuzendari gazte Bilboko Udal Bandarekin lanean ari dira aste honetan, Jose Rafael Pascual-Vilaplana Bandako zuzendari titularra ematen ari den ikastaroan, non Douglas Bostock maisu britainiarrak ere parte hartuko duen, irakasle gonbidatu gisa.

Guztira 51 pertsonak eman dute izena seigarren edizio honetan. Ikasleen jatorriari dagokionez, askotarikoa izan da. Izena eman dutenen %15 atzerritik datoz, Portugaldik, Herbehereetatik, Suitzatik, Italiatik eta Austriatik adibidez. Halaber, Estatuko ia autonomia-erkidego guztietatik etorritako ikasleek modu aktiboan parte hartzeko eskaera egin dute, hala nola Kanariar Irletako, Gaztela eta Leongo, Valentziako Erkidegoko, Gaztela Mantxako, Madrilgo, Balear Irletako, Galiziako, Kantabriako, Murtziako, Nafarroako, Extremadurako, Aragoiko eta, nola ez, Euskadiko ikasleek.

Azkenik, esan bezala 10 pertsona hautatu dira. Zorionekoek, beraz, urtarrilaren 11tik 14ra J.C. de Arriaga Kontserbatorioan eta Bilbao Musikako egoitzan egiten ari diren topaketa hauetan parte hartzeko zortea izan dute.

Beste behin ere, praktiketako banda modura Bilboko Udal Musika Banda arituko da eta, aurreko edizioetan bezala, hautatutako ikasleek lehiaketa honetan parte hartzeko aukera izango dute, eta irabazleak Bilboko Udal Banda zuzenduko du 2022-2023 denboraldiko kontzertu baten. Aipatzekoa da Udal Bandako irakasleek jardungo dutela epaimahai gisa, lehiaketako bost finalistak aukeratzeko, bai eta lehiaketako irabazlea aukeratzeko ere.

Emanaldi honen ostean, Bilboko taldea Euskalduna Jauregiko Auditoriora itzuliko da datorren urtarrilaren 23an, “Etorkizun hurbila” izeneko kontzertuarekin. Oraingoan, Bandak Ernesto Aurignac saxofoi altua, Moises P. Sánchez pianista, Toño Miguel kontrabaxua eta Ramón Prats bateria izango ditu lagun.