Bingen Zupiria sailburua Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordeko bileraren buru izan da gaur

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondorekin batera, gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan egin den Kiroleko Indarkeriaren aurkako Euskal Batzordearen bileraren buru izan da. Aitor Uriarte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun zuzendariak ere parte hartu du modu presentzialean zein online egin den bileran.

Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordea euskal kiroleko pertsonek eta erakundeek osatzen dute (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, federazioak, kirol klubak, arbitroak, unibertsitatea, kirolariak, etab.). Hauek dira Batzordearen helburu nagusiak: euskal kirolean dagoen indarkeriaren egoerari buruzko informazioa ematea, kirol jardun egokia bultzatzea, indarkeriazko jarrera eta jokabideak prebenitzea eta kirol jardunari lotutako balioen hezkuntza bultzatzea.

Gaurko bileran, futboleko indarkeriaren monitorizazioari buruzko 2021eko datuak, Kirolaren Euskal Eskolako indarkeriaren prebentzioari buruzko prestakuntza-ekintzak eta 2021-2022 denboraldian ohorezko dibisioko futboleko indarkeriaren prebentzioko esku-hartzea aztertu dira, besteak beste.