Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei

0

Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei. Jon Insaustik, Udal Gobernuko Kultura eta Euskara zinegotziak adierazi duenez, haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea da. “Urtarrilaren 17tik 28ra zabalik egongo da haurrak matrikulatzeko epea. Gurasoek beraien seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea izango da. Erabaki horrek duen garrantzia kontuan harturik, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena”.

Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz, eta hortaz, euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu gurasoak. Horrela gutun bidez mezu hau helarazi nahi izan die aurten seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, Irria aldizkariaren ale bat banatu zaie haurren eta familiaren gozamenerako.

D eredua hautatzen dute Donostiako guraso gehienek

Hiriaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik (Eustateko 2016ko datuen arabera, 29 urtetik beherakoen %79,85 euskalduna da, %9,74k euskara ulertzen du eta %10,41ek soilik aitortu du euskara ez dakiela) egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena.

Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Hiriko 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetako hiru urteko haurren matrikulazio datuek argi eta garbi adierazten dute Donostiako gurasoen hautua.

1991-1992
ikasturtea
2001-2002
ikasturtea
2011-2012
ikasturtea
2021-2022
ikasturtea
A Eredua
%19
%9,6
%8,4
%7,6
B Eredua
%48
%38,2
%15,8
%9,5
D Eredua
%33
%52,3
%75,8
%82,9

Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza

Gurasoek Donostian D ereduaren alde egiten dute, beraien seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago jakitea nahi baitute. Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko dituzte beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango dute. Haurrak euskaraz hazten badira, euskara haiek adina haziko da.