Gaur argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iaz gizarte-lan solidarioa egin zuten edo babes zibilaren arloan merezimenduzko ekintzak egin zituzten pertsonei Jaurlaritzak egindako aitorpenak. Oraingoan Jaurlaritzak eman ditu larrialdietako eta babes zibileko merezimenduen 11 domina (bereizgarri gorridun 2 eta bereizgarri berdedun 9), plaka-diploma bat Galdakao Boluntarioen Gizarte Elkarteari, zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituzten babes zibilaren arloko boluntarioak aintzatesteko 20 diploma eta beste diploma bat Zarauzko Babes Zibilari 25. urteurrena dela eta.
Bereizgarri gorridun domina pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen larrialdi-egoera batean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainen kategoriari dagokio.
Bestalde, bereizgarri berdedun domina, besteak beste, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren eta herritarrek egin dituzten, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo egitateak saritzeko da.
BEREIZGARRI GORRIDUN 2 DOMINA
- Mouhammad Diouf: 2021eko ekainaren 20an, Mouhammad Diouf senegaldarrak Nerbioi Ibaiadarreko uretara jauzi egin zuen Bizkaiko hiriburuko Mesedeetako zubiaren parean ondoeza izan zuen 72 urteko gizon bat erreskatatzeko.
- Iñaki Agirre: 2021eko urtarrilaren 10ean, Iñaki Agirre Moránek Orioko Antilla hondartzan (Gipuzkoa) ustekabean itsasora erori zen parapentelari bat erreskatatu zuen. Iñaki Agirre surf egitera joan zen hondartzara. Erreskatea zaila izan zen, emakumeak hankak lotuta baitzituen parapentearen sokekin.
BEREIZGARRI BERDEDUN 9 DOMINA
- Joseba Mirene Elorrieta: 2021eko urtarrilaren 2an, Joseba Mirene Elorrieta Mendiola, Gorbeako Arraba aterpetxeko guarda, baldintza meteorologiko txarren ondorioz galduta zebiltzan bi pertsonaren bila irten zen, 112an abisua jaso ondoren. Joseba Mirene Elorrieta Mendiola bakarrik irten zen hasiera batean, eta, azkenean, bi pertsonen erreskatean parte hartu zuen. Gainera, 2021eko urtarrilaren 4an eta 5ean, kasu horretan ere eguraldi txarra zela eta, 112ra deitu zuen lau gazte euren kabuz jaitsi ezinean zebiltzala esanez. Guardak bi gauetan hartu zituen aterpetxean lau gazteak. Azkenean, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko baliabideek erreskatatu ahal izan zituzten.
- Borja Villarejo: 2021eko martxoaren 27an, Borja Villarejo Fernándezek, Traumatologiako bosgarren mailako egoiliarrak, Laidako hondartzan (Ibarrengelu) zegoenean, korronteak eraman ondoren konorterik gabe eta bihotz-biriketako geldialdian zegoen 5 urteko adingabe bat suspertzea lortu zuen.
- Vanesa Hernández: 2021eko apirilaren 12an, gara erdiko gizon batek bihotzeko geldialdia izan zuen Irungo kale batean. Vanesa Hernández Elvirak, lanbidez erizainak, hurbildu eta bihotz-biriketako suspertze-maniobra egin zion eta zaineko bide bat jarri zion osasun-zerbitzuak iritsi aurretik eta bertara hurbildu ziren Irungo Ertzain-etxeko agenteen aurrean.
- Ye Traore: 2021eko maiatzaren 17an, emakume batek umea izan zuen Gasteizko familiaren etxean. Ye Traore alaba, 10 urtekoa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoa eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroarekin harremanetan jarri zen 112 telefono-zenbakiaren bidez laguntza eskatzeko. Adingabeak telefono-operadoreak eskatutako datu guztiak eman zituen zehaztasun osoz, zentroak berak erregistratutako grabazioan jasota dagoenez.
- Ana Justa Román: 2021eko uztailaren 31n, suhiltzaileek, Sestaoko Udaltzaingoak eskatuta, bere etxean erorita zegoen 91 urteko emakume bat erreskatatu zuten. Ana Justa Román García bizilagunak egindako lanari esker egin ahal izan zen erreskatea, egunero joaten baitzen emakumearengana, familiartekoa ez izan arren eta adiskidetasun-harremanik izan gabe. Bakarrik bizi den emakumeak ez du familiarik, eta senarra egoitza batean dago. Hain zuzen ere, Ana Justa Román Garcíak izapidetu zion emakumeari adinekoen laguntza-zerbitzua telelaguntza sakagailuaren bidez. Egunero egindako dei horiei esker izan zuten gertatutakoaren berri eta erreskatatu ahal izan zuten emakumea. Ez da Ana Justa Román García era horretako egintzen protagonista den lehenengo aldia. 2020ko irailean Sestaoko Udaltzaingoari 88 urteko beste bizilagun baten faltaren berri eman zion, eta hura ere etxean erorita aurkitu zuten.
- Richard Maikel Ortega: Irailaren 4an, Richard Maikel Ortega Arizak Mirafloresko zubitik, Bilbao-Bermeoko noranzkoan, bere burua bota nahi zuen emakume bati bizia salbatzen lagundu zuen. Richard Maikel Ortega Arizak larrialdiei aurre egiteko baliabideei deitu zien, eta emakumearekin egon zen, hizketan eta lasaitzen, eta bere asmoan atzera egitea lortu zuen.
- Jesús Etxebarria: 2020ko irailaren 17an, gizon bat zorabiatu egin zen Donostiako kale batean, bihotz-biriketako geldialdi baten ondorioz. Jesús Etxebarria une horretan paseatzen ari zen, eta biktimari lehen osasun-laguntza eman zion osasun-zerbitzuak iritsi bitartean.
- Ibai Rengel: 2021eko urriaren 1ean, Ibai Rengel Caballerok erabakigarritasunez jardun zuen N-634 errepidean, Getariako San Prudentzioko bidegurutzean, ibilgailu batek harrapatu berri zuen eta, istripuaren ondorioz, gorputz-adar bat galdu zuen pertsona bati laguntzeko. Ibai Rengel Caballerok eremua inguratu zuen errepidetik zirkulatzen ari ziren beste erabiltzaile batzuek beste trafiko-istripurik ez izateko, larrialdietako zerbitzuen eta anbulantzia baten laguntza eskatu zuen, zauritua lasaitzen saiatu zen, hasierako torniketea egin zion, moztutako gorputz-adarra aurkitu zuen, izotz bila joan zen gorputz-adarra egoera onean mantentzeko eta lekuan egon zen polizia-patruilak eta osasun-zerbitzuak iritsi arte.
- Maialen Villanueva: 2021eko urriaren 13an, 77 urteko gizonezko batek bihotz-biriketako geldialdia izan zuen Pasaiako kale batean (Gipuzkoa). Maialen Villanueva Llanos osasun-larrialdietako teknikaria inguruan zebilen, eta une horretan bizi-konstanterik ez zuen biktima suspertzea lortu zuen osasun-zerbitzuak iritsi aurretik.
1 PLAKA-DIPLOMA
- Galdakao Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE): Urriaren 28an, Galdakaoko (Bizkaia) Galdakao Boluntarioen Gizarte Elkarteko hainbat boluntario La Palma uhartera joan ziren, zehazki El Paso izeneko lekura, bertako herritarrei hainbat zereginetan, besteak beste, Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak teilatu, ate eta leihoetan eragindako errautsa garbitzeko eta erretiratzeko lanetan, laguntzeko.
BABES ZIBILEKO BOLUNTARIOAK AINTZATESTEKO 20 DIPLOMA
- Zerbitzuan 25 urte beteta: Modesto García, Iñaki Ranjil, Francisca Sainz, Laura Fernández, Andrés Ayala, Iñaki Araolaza eta José Luis Ares.
- Zerbitzuan 10 urte beteta: Iñaki Lario, Juan Ríos, Jabier Bravo, Iker Korta, Enrique Pastor, Luis Alberto Ubierna, Iker Arizmendi, Rubén Antolín, Zuriñe Fernández, Javier Domínguez, Josu Abaunza, Unai Ceberio eta Enrique Castañeda
AINTZATESPENA ADIERAZTEKO DIPLOMA
Jaurlaritzarekin hitzarmena duten lankidetza-erakundeei eta Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen tokiko elkarteei, eta zerbitzuan 25 urte bete dituztenei:
- Zingira Zarautz-Zarauzko Babes Zibila.