Adierazpena EAE-ko nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen alde, jasangarritasunaren eredu

0
PRUEBA

Arantxa Tapia sailburuak  eta ENBA Gipuzkoa, ENBA Bizkaia, EHNE Gipuzkoa, EHNE Bizkaia, UAGA, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna eta URKAIKO sindikatu eta elkarteetako ordezkariek bilera egin dute, gaur, Euskadiko abeltzaintzaren sektorearen egoera aztertzeko. Topaketa bukatu ondoren, familia nekazaritzaren eta abeltzaintzaren aldeko manifestua ezagutzera eman dute:

EAE-KO NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZAKO SEKTOREAREN DEFENTSAN, JASANGARRITASUNAREN EREDU

Euskadi nekazaritza eta abeltzaintza jasangarrien lurra da. Nekazaritzako inguruak Euskadiko lurraldearen % 80 baino gehiago dira; lurralde hori, % 85ean, mendi-eremua ere bada. Horrek familia-nekazaritzaren eredu bat zehazten du, eskala txikikoa eta ertainekoa, nahitaez. Familia-nekazaritzak lurraldea modu orekatuan eta errespetuzkoan kudeatzen du, eta gure nekazaritza-ondarearen aberastasuna kontserbatu eta hobetzeko, gure paisaia moldatzeko eta gure natura-ingurunea babesteko arduraduna da.

Familia-nekazaritzak landa-ingurune biziari eusten dio. Euskadin, nekazari eta abeltzainak beren herrietan bizi dira, eta hurbileko ekoizpena egin eta landa-inguruneari eta gure mendi-paisaiari eusten diete.

Euskadi ez litzateke izango dena, dagoen familia-nekazaritzaren eredua ez balego. Landa-ingurune bizia nahi badugu, nekazaritza eta abeltzaintzako eredu errentagarriari eta erakargarriari eutsi behar zaio, hura garatu eta haren aldeko apustua egin.

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintzako eredua defendatzen du, eta ekoizleen lana eskertzen du, eta honako hau adierazten du:

  1. Gaur egun, familia-nekazaritza aukera errentagarria eta erakargarria da izan dadin, ezinbestekoa da kontsumitzaileon konplizitatea, erosketa aukera egiterakoan gure lehen sektoreko produktuak aukeratzea eta, hala, familia-nekazaritzaren, Euskadiko lehen sektorearen eta jasangarritasunaren aldeko babesa eta konpromisoa erakustea.
  1. Euskadin ez dago makrogranjarik, ez delako gure eredua. 15.487 ustiategi daude erroldatuta, eta horietatik 11.249 dira abeltzaintza-ustiategiak. Nekazaritzan modu profesionalean aritzen diren pertsonen kopurua (gutxienez errentaren % 25 nekazaritza-jardueratik datorkiena) ia 5.000 da.
  1. Herrialde honek familia-nekazaritzaren alde egiten duen apustua betidanik oinarritu izan da indarrean jarraitzen duten lau premisatan: kalitatea, produktuaren trazabilitatea, ingurumenaren zaintza eta animalia-ongizatea. Gure eredua egungo eztabaida sozialean eta politikoan zalantzan jarritako ustiategiek dakartenetik oso urrun dago. Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du egiturazko defizitak gainditzen laguntzeko, Euskadiko abeltzaintza-ekoizpena barne-merkatura bidera dadin.
  1. Nekazaritza eta abeltzaintzako Euskadik eredu jasangarria du, nahiz eta kanpoko merkatuaren presioak baldintzatuta dagoen Merkataritza Libreko Akordioen bidez. Familia-nekazaritza jarduera jasangarria da, baina nekazaritza-politikez hornitu behar da, ekoizpen-fasean nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien autonomia handitzeko eta kanpoko egozpenen mendekotasuna gutxituz joateko. Elikagai osasungarriak ekoizten ditu, modu jasangarrian, eta lurraldearen ingurumen-kudeaketarako eta ekoizpen- eta paisaia-aniztasunaren zaintzarako bide ematen duen eredua da.
  1. Familia-nekazaritza beharrezkoa da. Ezin da gizarte osasuntsurik egon, ingurune eta elikadura osasungarri eta jasangarririk gabe. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpena funtsezkoa da herrialde batean, elikaduraren erronkari eta klima-krisiari, lurraldearen egituraketari, jasangarritasun ekonomikoari eta herritarren ongizateari erantzuteko. Ezinbestekoa da nekazaritza-jardueran pertsona berriak sartzeko asmo handiko planak antolatzea, eta hori da Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat.
  1. Gizarte-inplikazioa. Euskadiko gizarte osoak konpromisoa du landa-ingurunearekin eta haren ekoizleekin. Landa- eta hiri-ingurunea hertsiki lotuta daude, eta osotasun baten zati dira, Euskadiren zati. EAEko ongizateak zerikusi handia du gure landa-ingurunearekin.

Ondorioz:

  • Gure historia, kultura, paisaia, hizkuntza, idiosinkrasia eta gastronomia, harrotasunez aldarrikatzen ditugunak, hertsiki lotuta daude dugun nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen ereduarekin.
  • Familia-nekazaritza errespetuzkoa da ingurumenarekin; EAEko ekoizleek beren ingurunea zaindu eta hartaz arduratzen dira. Gainera, funtsezko sektorea da lurralde hori kudeatzeko.
  • Familia-nekazaritzak tokiko eta kalitateko produktu osasungarriak hornitzen ditu. Familia-nekazaritzak kalitateko produktuak eskaintzen dizkigu gure elikadurarako, eta gure kultura gastronomikoari eusten laguntzen du. Kalitatearen aldeko apustua nekazaritzako politiken konbentzimendu argia izan da duela 30 urte baino gehiago EUSKO LABEL sortu zenetik, bai eta Jatorri Deituren, Adierazpen Geografiko Babestuen eta ekoizpen ekologikoaren esparruan aurkeztu berri den EKOLURRA ere. Bereizte horrek jarraitzen du gure ereduaren gakoa izaten.