Bilbok covid-aren aurkako plan berri bat onetsi du

0

Udalak «Bilbao Plana 2022: COVIDaren eraginen aurkako 21 neurri» aurkeztu du gaur. Ekimenaren helburu nagusia da uriaren suspertze sozial, ekonomiko eta kulturalean laguntzea, pandemia-egoera luzatzen ari dela eta.

Neurriek 6.530.000 euroko aurrekontua izango dute, eta 2022ko ekitaldi honen lehen seihilekoan garatuko dira. Neurri horiei gehitu ahalko zaizkie salbuespenezko laguntza zuzenak eta beste administrazio publiko batzuetakoen osagarri direnak —betiere, COVIDaren bilakaera eta horrek sektore ekonomiko jakin batzuetan izan dezakeen eragina zein den—.

Planean jasotako proposamenek Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek adostu dituzte, eta gaur sinatu dute 21 neurriak ofizialtzen eta abian jartzen dituen dokumentua: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), Gobernu Taldearen aldetik; eta EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/EZKER ANITZA-IU/EQUO BERDEAK eta PP.

Gainera, COVIDaren eragina gehien jasaten duten sektoreetarako, Bilboren sustapen eta dinamizazio komertzialerako aparteko plan bat lantzeko aukera aurreikusten du testuak, salbuespenez, garrantzi handiko datetarako (ondorengo Gabonak, esaterako); eta merkatari-elkarteentzako eta beste eragile batzuentzako laguntza tekniko eta ekonomikoak ere jasotzen ditu.

Horrez gain, pandemiaren bilakaera zein den, Planean jaso ez diren beste eremu batzuk ere indartuko dira. Adibidez: garbitasuna, mugikortasuna, espazio publikoa eta hezkuntza (horietan ere lan egin da, denbora honetan guztian zehar). Neurri sorta aztertu eta partekatuko dute gobernantza-ereduan ezarritako jarraipen-batzordean, non talde politiko guztiak ordezkatuta dauden.

Udalak «Aurrera Plana» delakoa abiarazi zuen 2020an (15 milioi euro) eta 2021ean (15 milioi euro baino gehiago), COVID-19ari aurre egiteko. Bada, testu berriak bat egiten du, salbuespenez, orduan martxan jarritako laguntzekin.

21 NEURRI, LAU ARDATZ NAGUSIREN INGURUAN

2022rako onetsitako 21 neurri berriek 6,5 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dute, eta lau ardatz edo jarduera-eremu nagusiren inguruan egituratuta daude:

1.GIZARTE-KOHESIOA: 1.700.000 €. Krisi honek latzen jo dituen, eta arreta eta laguntza berezia behar duten guztientzako gizarte-babesa izan nahi duten zenbait eremu aurreikusten ditu:

  • Aldizkakoak ez diren udal laguntzen ohiz kanpoko programa (200.000 €), koronabirusa dela-eta diru-sarrerarik ez dutenentzat edo sarrerak gutxitu zaizkienentzat.
  • Adinekoei laguntzeko «Mirada Activa Berria» udal programarako izendatutako diru-partida handitzea (200.000 €).
  • 400.000 €, etxerik gabeko pertsonei bizilekua emateko funts berezirako.
  • Familia, heldu eta haurrentzako neurriak, etxegabetze-arriskuan dauden familientzako arreta bermatzeko: 400.000 €.
  • Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden adingabeentzako eguneko zentroak eta programa sozioedukatiboak indartzea: 200.000 €.
  • Eten digitala txikitzea: adinekoentzako eta kolektibo zaurgarrientzako ikastaroak (100.000 €). Lineako izapideetan laguntzeko zerbitzu pilotua: 200.000 €.

2.ARLO EKONOMIKOKO ETA ENPLEGUAREN ARLOKO NEURRIAK: 3.780.000 € (Gabonetako Ezohiko Plana).

  • MERKATARITZARAKO BONUAK: 1 milioi euro, gehien kaltetutako azpisektoreak lehenetsiz, hala nola ehungintza, moda, oinetakoak eta osagarriak, besteak beste.
  • Merkatari- eta ostalari-elkarteentzako laguntzak: 180.000 €.
  • Laguntza espezifikoa Convention Bureau eta MICE sektorerako (azokak, kongresuak eta batzarrak): 100.000 €.
  • Enplegu Plana 2022-2023 (udal aurrekontua): 500.000 €.
  • Gazte Enplegu Plana 2022-2023 (udal aurrekontua): 500.000 €.
  • 2022-2023rako gizarteratze- eta laneratze-plan berezietarako laguntza: 300.000 €.
  • Etxebizitzak birgaitzeko obra txikietarako laguntzen programa berezia: 800.000 €.
  • Gabonak sustatzeko eta dinamizatzeko ezohiko ekintzak: 400.000 €.

3.KULTURAn, 900.000 €-ko aurrekontuarekin, neurri berezi bi landuko dira:

  • KULTURA-BONUAK, 400.000 €-rekin, eta kultura-proiektuen poltsa berezia, 500.000 €-rekin.

4.LANKIDETZA: 150.000 €.

  • Garapen-bidean dauden eskualdeetan COVIDaren aurkako txertaketa indartzeko laguntzak.