Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonei aterpe emateko dispositiboa indartuko du, datozen egunetarako tenperatura hotzak aurreikusten baitira. Eguraldia aldatu arte, premiazko zenbait neurri aktibatu dira, ahalik eta pertsona gutxien egon daitezen kalean lotan eta hotzetik babestu daitezen.
Udalak gizarte-bazterketako zerbitzuaren erabiltzaileentzako alojamendu-plazen kopurua gehitu du hotz-denborale honetan. Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Sailak azaldu duenez, “erabaki honen helburua da etxerik ez daukaten pertsonarik gehienek, alojamendua eskatzen badute, arreta egokia jaso dezatela”.
ZERBITZUA JASOTZEA
Zerbitzu hori behar duten pertsonak Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin (Uribitarte kalea 11, 94 470 14 60 telefonoa), kalean lan egiten duten gizarte-hezitzaileen taldearekin edo Udaltzaingoarekin (092-112) harremanetan jarri beharko dira.
Modu berean, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak detektatzeko, elkarlanean ari gara Bilboko Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko arretako gizarte-baliabideekin, hau da, eguneko zentroekin eta jantoki sozialekin, besteak beste.
Honelako eguraldi hotza dagoenean, Udalak aterpeetan sartzeko baldintzak murrizten ditu, aterpeetan ez da bajarik izapidetzen eta egonaldiak modu automatikoan luzatzen dira, hotz-boladak irauten duen bitartean. Denboralea igarotzen denean, kasuak berriro baloratuko dira.
Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Sailak egoeraren eta eguraldi-aurreikuspenen jarraipen iraunkorra egingo du, eta aplikatu beharreko balizko neurriak baloratuko ditu, egoera hau denboran luzatzen baldin bada. Aurreko urteetan bezala, larrialdiko plaza gehiago prestatuko dira, eskaririk egonez gero.
DISPOSITIBOA: 365 PLAZA URTE OSOAN ZEHAR 11 BALIABIDETAN
Bilboko Udalak gaueko harrerako udal zerbitzua eskaintzen du, Gizarte Zerbitzuen Legea garatzen duen dekretuan araututako eskumena betez. Eskaintzen diren baliabideak intentsitate txikiko dispositiboak dira, bazterketa egoeran dauden pertsonei laguntzeko (bereziki, etxerik gabeko pertsonei laguntzeko). Gaua igarotzeko baliabideak dira. Berehala ematen dira, iraupen laburreko egonaldiak egiteko (gehienez astebete).
Bilbok 365 plaza dauzka urte osoan zehar, hiri guztian dauden 11 baliabidetan, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak ezartzen dituen betebeharrei erantzuteko. Plaza horiekin, Gizarte Zerbitzuen Legeak ezartzen dizkion errekerimenduei erantzuten die.