Osakidetzako AUO Txagorritxu ZIU-a Zerbitzu Orokorren eraikinean egongo da

0
EITB
PRUEBA

Arabako Unibertsitate Ospitaleko Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikinean egongo da, astelehenetik aurrera, ospitale horretako Zainketa Intentsiboen Unitatea. Aldaketa horren bidez, eraikin moderno, zabal eta erabilera anitzeko horrek izango dituen zerbitzuen lekualdaketekin jarraitzen da; Osakidetzak 104 milioi euro inbertitu ditu eraikin horretan. 2.000 paziente inguru igaroko dira, urtean zehar, Zainketa Intentsiboen Unitate horretatik.

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak eraikineko instalazioetara oraintsu eginiko bisitan esan zuenez, eraikin horrek hobekuntza ekarriko du, bai pazienteentzat eta senideentzat, bai Osakidetzako profesionalentzat.

 

Zainketa Intentsiboen Unitatea Osakidetzako Unibertsitate Ospitaleko Zerbitzu Orokorren eraikin berriaren 0 solairuan dago; hura pasa den abenduaren 22an inauguratu zen. Unitate horrek 31 banakako box ditu, haietako 6 isolamendukoak, 3 arlo sektorizatutan banatuta.

 

AUO Txagorritxuko Zainketa Intentsiboen Unitatea leku berrira urtarrilaren 17an eta 18an lekualdatuko da, baina, denbora horretan, arretak ez du eraginik jasango. Pandemiak eragindako egungo egoerari hobeto erantzuteko, aldi berean Zerbitzu Orokorren eraikineko ZIUren unitate berria eta gaur egun dagoena mantenduko dira. Asistentzia-bilakaera eta -presioa hobetu ahala, lehengo Zainketa Intentsiboen Unitateko oheak zarratzen joango dira.

 

Pazienteen senideak espazio berri horretara AUO Txagorritxuko ate nagusitik sartuko dira, orain arte bezala. Unitate berrirako sarrera solairu horretan bertan dago, igogailuen atzean, eta dagozkion seinaleak izango ditu.

 

Arabako ESIaren Zainketa Intentsiboen Unitate berriak hobekuntza handia ekarriko du lehengo kokapenaren aldean, ekipamendu modernoa eta aurreratua baitu; gainera, ingurune atseginagoa eta seguruagoa eskainiko dute, bai paziente eta familiartekoentzat, bai profesionalentzat.

 

 

AUO-REN ZERBITZU OROKORREN ERAIKIN BERRIA

 

Azpiegiturak 30.000 metro koadro inguru ditu osasun-arretarako, 6 solairutan banatuta. Haren bidez, Arabako 200.000 pertsona baino gehiagorentzako osasun-arreta hobetuko da. Instalazioek azken belaunaldiko gailuak dituzte, eta, haietan, larrialdietako zerbitzuak (baita pediatrikoak ere), zainketa intentsiboen unitateak, obstetrizia eta neonatologiako zerbitzuak, kirofanoen eremua, lentzeria-zerbitzua, informatika eta ospitale osoko instalazioen zerbitzua egongo dira.