Etxebizitza Sailak berrikuntzarako beste laguntza-lerro bat sortu du, egoitza-eraikigintzan industrializazioa sustatzeko

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, ostiral honetan Eraikuntzaren Kalitatearen Kontrolerako Laborategian eraikuntzaren sektoreko agenteei 2022rako Eraikal laguntzen deialdi berria aurkeztu die; hark EAEn gai horren inguruko berrikuntza sustatzea du xede, eraikingintzaren eremuak klima-aldaketaren aurkako borrokan, gizartearen digitalizazioan eta bizi-kalitatea areagotzen laguntzeko.

Deialdiak 2024ra arte gauzatuko diren proiektuak diruz lagunduko ditu, eta, deialdiaren nobedade nagusietako bat, besteak beste, honako hau da: etxebizitzen eraikuntza industrializatuan aurrera egiteko laguntzen lerro berria; alegia, ondoren eraikin edo etxebizitza berria kokatuko den lekuan muntatuko diren pieza modularrak sortzea fabriketan. Laguntzen lerro hori lehen aldiz ezarriko da, eta 550.000 euroko aurrekontua du, 2022rako Eraikal-en aurrekontuaren erdia, gutxi gorabehera, eta helburu du proiektu berritzaileak sustatzea, EAEk gorantz doan sektore horretan aurrera egin ahal izateko.

Zehazki, prototipoak sortzea eta moduluak fabrikatzea bultzatuko da, bai eraikinena bai eraikin pilotuen puskena, haiek aztertu eta monitorizazio esperimentala egiteko. Era berean, eraikin mota horren jasangarritasunari eta funtzionaltasunari edo kudeaketa-sistemei buruzko ikerketak diruz lagunduko dira. Halaber, eraikitzeko modu horrek segurtasunean eta lan-osasunean duen inpaktuari buruzko azterlanak sustatuko dira, bai eta haren kostuen eta eraikigintza tradizionalaren arteko konparatibak eta dagoeneko ezarritako kasu espezifikoei eta etxebizitza mota horretako bizigarritasunari buruzko analisia ere.

Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak, gaur egindako jardunaldian, sektoreko agenteen aurrean honako hausnarketa egin du: “Eraikuntzaren sektorean funtsezko une batean gaude, langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunekin, kostuen igoerarekin eta koiunturalak ez diren beste faktore batzuekin; horrek pentsamolde-aldaketa baterantz bultzatzen gaitu eta, zentzu horretan, industriaren irizpide eta parametroak erabakigarriak izan daitezke».

2022ko laguntzen deialdia jasotzen duen agindua abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu da. Eraikal 2021-2023rako Etxebizitzaren Plan Gidarian jasotako ekintza nagusietako bat da, autonomia-erkidegoan eraikuntza-sektorearen berrikuntza, industrializazioa eta digitalizazioa lortzeko. 1,07 milioi euroko aurrekontuarekin –% 97ko gorakada, aurreko aginduaren aldean–, EAEko arkitektura- eta eraikuntza-sektorean berrikuntzako deialdi publiko nagusia da eta 1998tik 19,4 milioi bideratu ditu helburu hori lortzeko.

Laguntzak bost lerrotan dauden banatuta:

  • 1. lerroa: eraikin berrietan edo aurretik daudenetan (domotika edo efizientzia energetikoko sistemak ezartzea, besteak beste) hobekuntzak sartzea aztertzen duten azterlanetarako; proiektuko, gehienez, 40.000 euro.
  • 2. lerroa: profesionalek prestakuntza jaso eta eguneratzeko, eta eraikuntza eta birgaitzea hobetzen lagunduko duten tresna informatikoak garatzeko; proiektuko, gehienez, 30.000 euro.
  • 3. lerroa: sektoreko enpresa eta profesionalentzako kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntza-prozesuaren kalitatea hobetzeko; 2.000 eta 8.500 euro bitarteko laguntzak, gehienez.
  • 4. lerroa: eraikinen ziurtapenetarako, efizientzia energetikoko eta jasangarritasuneko nazioarteko estandarren bidez –esaterako, Passivhaus–; gehienez, 6.000 euro.
  • 5. lerroa: etxebizitzen eraikuntza-prozesuen industrializazioa sustatzera bideratutako lerro berria, bai ikerketarako bai prototipoak garatzeko, gehienez 150.000 euro proiektu bakoitzeko.

Laguntza horietara eraikuntza-enpresek eta sustatzaileek eta arkitekturako edo ingeniaritzako estudioek, elkargo profesionalek, hirigintza-sozietateek, sektoreko elkarteek edo klusterrek jo ahalko dute.