Barakaldoko Osoko Bilkurak Usoa Tailerra Udalaren baliabide propioa izatea onetsi du

0

Gaurko saioan Udalaren Osoko Bilkurak Usoa Tailerra Barakaldoko Udalaren baliabide propio deklaratzea onetsi du, Zuzendaritzaren proposamena aintzat harturik. Neurri honek eta Usoaren estatutuen aldaketak bermatu egiten dute desgaitasuna duten pertsonak laneratzen erreferente den erakunde honen egonkortasuna.

Lehendakariak, Eduardo Castañeda zinegotziak, gogorarazi duen bezala, Usoa aitzindaria izan zen 80ko hamarkadan Barakaldok desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ereduaren barruan abian jarri zuenean.

Arau-aldaketa baten ondorioz (2017an txertatutako Europar Batasunaren zuzentaraua) zalantzan jarri zen Usoa Udalaren baliabide propioa izan zitekeen. Osakidetzarentzat lan egiteko bidea aztertu zen, baina arrakastarik gabe. Ondoren, 2020. urtearen amaieran, Barakaldoko Udala zuzendaritza berriarekin lanean hasi zen zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko alternatibaren bat aurkitu nahian.

Osoko Bilkuraren gaurko saioan onez burutu da Usoa Tailerra Udalaren baliabide propioa izateko prozesua, lan asko egin ondoren, lehenbizi aukerak aztertzen eta gero sozietatearen kaudimena frogatzen. Hori guztia, Sektore Publikoaren Kontratuen Legea betez egin da.

«Hau ez da ezeren amaiera, denaren hasiera baino. Usoaren etorkizunaren alde egitea ez da berezko xedea; aitzitik, helburu handiagoa lortzeko ezinbesteko bitartekoa da: desgaitasunen bat duten pertsonen eta beren ahaideen bizi-kalitatea etengabe hobetzea», adierazi du Castañedak.

Sozietateak iragarri du aurten 440 pertsona inguruk jardungo dutela bertan. «Gainera, esan beharra dago aldi honetan enplegua egonkortzearen aldeko apustua egin dudala: bi urte inguruan 74 langile mugagabe deklaratzeko proposamenak eraman ditut Administrazio Kontseilura», esan du erakundearen lehendakariak. Halaber, Castañedak gogorarazi du hitzarmen kolektiboa berritu dela, eta horri esker beraren indarraldian zehar langile guztien soldatak igoko direla; gainera, langileen eskubide soziolaboralak hobetuko dira, eta inbertsioak egingo dira enpresa modernizatzeko.