Bilboko Udalaren hiri berroneratzearen sailak laguntzak abiarazi ditu Zazpi Kaleetako, Bilbo aharreko eta Surbisaren gainerako eremuetako saltokiak modernizatzeko

0

Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak sustatzen du uriko ondare eraikia zaintzea, bizitegi-eraikinen birgaitzearen bitartez. Hiri berroneratzerako 2022ko aurrekontua 1.520.000 eurokoa da. Zenbateko horri, gainera, 200.000 euro gehitu behar zaizkio, uri osoan energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketetarako —SURBISAk kudeatuko ditu, lehen aldiz—. Dirua zortzi laguntza-lerrotan banatzen da. Horien artean, nabarmentzekoa da Zazpi Kaleetako, Bilbo Zaharreko eta Irala eta Olabeagako eremu babestuetako fatxadetan eta beheko solairuetan dauden lokalen erakusleihoetan obrak egiteko programa berezi berria: Merkataritzako Hiri Hobekuntza Plana 2022.

Laguntza horiek 2.500 lokaletarako dira, eta helburu dute merkataritza-lokalak birgaitzeko obrak dinamizatzea. Jabeek laguntzei buruzko jakinarazpen bat jasoko dute datozen egunotan, informazio osoarekin. Komunikazioa posta elektronikoz, gutun bidez eta/edo infoBilbao baten bidez egingo diete.

Nora Abete Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzeko zinegotziaren ustez, «merkataritza-lokalak birgaitzeak eragin zuzena du saltokietan bertan, baina baita ere horiek dauden kaleetan, eta, beraz, uri osoan. Lokalaren irudi fisikoa hobetzen da, eta itxura ona izateak zuzenean eragiten du erosteko erabakian. Baina, horrez gain, uriko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzen da; beste saltoki batzuk irekitzea edo hobetzea sustatzen da; kalean merkataritza-giroa sortzen da, eta eraikinak leheneratu eta birgaitzen dira. Eta, gainera, uri-eredu jasangarriagoa indartzen da: herritarrengandik hurbilago dauden saltoki eta zerbitzuak sortzen dira, oinezkoen joan-etorriak sustatzen dira, eta urian bizi direnei zein bisitan datozenei hiri-ingurune atseginagoa eskaintzen zaie», azaldu du Nora Abetek.

MERKATARITZAKO HIRI HOBEKUNTZA PLANA 2022

Planaren helburua da kaleen itxura modernizatzea, eraikinetako beheko solairuetan dauden merkataritza-lokalen erakusleiho eta sarbideetan esku hartuta: lokal horien hiri- eta merkataritza-irudia hobetu nahi da, merkataritza-jarduera bultzatzeko, kale ireki, argi eta garbiagoak eskaintzeko, enplegua eta ekonomia bultzatzeko, eta, finean, Zazpi Kaleetako, Bilbo Zaharreko eta Irala eta Olabeagako eremu babestuetan merkataritza suspertzeko.

Beheko solairuetan dauden lokalen kanpoko irudia hobetu eta modernizatzeko obretarako laguntza eskaintzen da, obraren kostu osoaren % 40rainoko dirulaguntzarekin (hau da, kostua, BEZa, ordainsari teknikoak, eta udal zerga eta tasak barne) eta 5.000 euroko mugarekin. Laguntza hori eskatu ahalko dute Zazpi Kaleetan, Bilbo Zaharrean eta Irala eta Olabeagako eremu babestuetan dauden eraikinetako beheko solairuetako lokalen jardueraren jabe edo titularrek, beren lokalaren kanpoaldea hobetzeko obrak egiteko. Laguntzak emango zaizkie itxita dauden lokalei, zabalik daudenei, zabalduko direnei edo lekuz aldatuko direnei.

Laguntza jaso dezaketen obrak dira beheko solairuetako lokalen fatxadaren kanpoko itxura hobetzeko esku-hartzeak, erakusleiho, errotulu, pertsiana eta sarbideetan egindakoak.
Igeltserotza, arotzeria eta pintura obrak eta zaharberritzeak.

  • Erakusleihoen kanpoko argiztapena.
  • Errotuluak edo kanpoaldeko beste elementu batzuk berritzea.
  • Pertsiana itsuen ordez zulodunak jartzea.
  • Lokalaren sarbidean irisgarritasuna hobetzeko lanak.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku-hartze integrala sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela; hala nola, mugikortasuna, eremu publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga eta Zazpilanda. SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.