Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak zerbitzu bat jarri du martxan, covid-19aren egoera dela-eta ongizate emozionalean eraginen bat izan duten emakumeei laguntzeko

0

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak saio batzuk antolatu ditu, COVID-19ak sortutako egoera dela-eta ongizate emozionalean eraginen bat jasan duten emakumeei laguntzeko.

Lehenengo saioa urtarrilaren 11n (astertea) egin zuten, La Bolsa Udaltegian (Yohn Jauregia), 11:00etatik 13:00etara, eta astero saio bat egiten jarraituko dute.

Horrela, bada, hamar asteartez jarraian, osasun mentalaren alorreko profesional batek bere laguntza eta ezagutza guztiak eskainiko dizkie lehen arretako unitateek hautatutako hamar emakumeri —psikofarmakoak hartzen dituzte denek, medikuaren aginduz, eta/edo antsietatea edo depresioa diagnostikatu diete—.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak adierazi du «funtsezkoa» dela «laguntza emozionala ematea txarto pasatzen ari diren emakume guztiei; horregatik, gure Sailaren asmoa da eremu komunitarioan osasunari lotutako portaera onuragarriak bultzatzea, eta genero-rol berdinzale eta osasungarriak sustatzea».

Saioetara doazen emakumeek taldean landuko dituzte antsietatea kontrolatzeko estrategiak, eta horrek ahalbidetuko die beren nahasmendua tratatzeko prozesuan paper aktiboa izatea, ez pasiboa. Jarrera aktibo horri eta autokontrolari esker, kasu askotan, medikazioa gutxitu ahalko dute emakumeek, edo, areago, hartzeari utzi. Era berean, birgaixotze-indizea txikiagoa izango da, eta, hala, gutxiagotan jo beharko dute osasun-zerbitzuetara.

EMAKUMEEK HAUTEMANDAKO SENTSAZIO SUBJEKTIBOAK HOBETZEA ETA KOLEKTIBO HORRETAN PSIKOFARMAKOEN KONTSUMOA GUTXITZEA

«Emakumeak Osasunaren Alde» programa osasuna sustatzeko jarduera bat da, COVID-19aren ondoriozko egoera dela-eta beren osasun-egoeran eraginen bat izan duten emakumeei zuzendutakoa.

Zentzu horretan, CISek pandemian zeharreko osasun mentalari buruz egindako inkesta batek jasotzen du aldi horretan zehar % 6,4 igo dela osasun mentalaren profesional batengana jo duten herritarren kopurua, eta, emakumeen kasuan, horren bikoitza izan direla. Era berean, inkestak dio konfinamenduan zehar psikofarmakoak kontsumitu zituzten emakumeen ehunekoa gizonenaren bikoitza izan zela.

Hain zuzen ere, egoera horri erantzuteko diseinatu du Osasun eta Kontsumo Sailak «Emakumeak Osasunaren Alde» programa: emakumeek hautemandako sentsazio subjektiboak hobetzeko eta kolektibo horretan psikofarmakoen kontsumoa gutxitzeko.