Lehendakariak Larrun école basco-française ikastetxearen inaugurazio-ekitaldian parte hartu du

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Larrun école basco-française ikastetxearen inaugurazio-ekitaldian parte hartu du, Donostian. Zentro hau Euskadiko mugaz gaindiko lehen ikastetxea da, eta euskarazko eta frantsesezko murgiltze-eredua eskaintzen die Haur Hezkuntzako ikasleei. Ikastetxea 2020-2021 ikasturtean ireki zen, baina orain arte ezin izan da ofizialki inauguratu, pandemia dela eta.

Lehendakariarekin eta Bildarratz sailburuarekin batera, ekitaldian izan dira Akitania Berria Eskualdeko presidente Alain Rousset; Donostiako alkate Eneko Goia; Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko zuzendari Arola Urdangarin; eta Échanges Pays Basque elkarteko presidente Pierre Olhagaray, besteak beste.

Zuzendaritza-taldearen eskutik, Bidasoaren bi aldeetako agintariek bertatik bertara ezagutu dituzte Donostian egoitza duen ikastetxearen hezkuntza-proiektua eta instalazioak.

Bere hitzaldian, Lehendakariak ongi etorria eman dio Zentroari, “balio horiei eta ordezkatzen duenari”. “Larrun ikastetxea aitzindaria eta berritzailea da; proiektu pedagogiko propioa eskaintzen duena, bizi dugun errealitate globalera egokitua”, adierazi du. Euroeskualdeko proiektuan partekatzen duten espirituarekin eta idealekin bat datorren ikuspegia, Urkulluren ustez: gazteak esparru ireki, kulturaniztun eta eleaniztunean prestatzearen aldeko apustua, Europako proiektu berean parte hartuz.

Pandemiaren une bereziki delikatu honetan, Lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela aurrez aurreko hezkuntzari eustea, eta hezkuntza-komunitate osoaren lana aitortu du, “lan horri esker, ikasgelak leku seguruak izaten ari dira, eta lan eta konpromiso horri esker, haurren prestakuntzari erantzun ahal zaio, baita familien bizitza eta gure gizarte-bizikidetza erraztu ere».

Larrun école basco-française

Larrun mugaz gaindiko eskolaren ibilbidea 2020ko irailean hasi zen, Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko ikasleekin (2018an eta 2017an jaioak). 2021-2022 ikasturte honetan 4 urtera arteko haurrak hartzen ditu, 75 guztira, bost taldetan banatuta, batez ere Donostialdetik eta Irundik etorriak. Bost irakasle eta bi laguntzaile arduratzen dira horien guztien hezkuntzaz.

2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako etapa osoa (2 urtetik 5era) eskainiko du ikastetxeak, eta hurrengo ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen maila irekiko du.

Euskara eta frantsesa

Larrun école basco-française ikastetxeak euskaraz eta frantsesez murgiltzeko eredua eskaintzen du, ikasleek Euskal Herriko hiru hizkuntzetan (euskara, frantsesa eta gaztelania) gaitasuna izan dezaten eta ahozko eta idatzizko adierazpen egokia lor dezaten hiru hizkuntzetan. Ikasleek, horretarako, irakasle erreferente bat dute frantsesez eta beste bat euskaraz. Haurrek irakaslea eta hizkuntza txandakatzen dute egunero: egun batean irakasle batekin egiten dute lan (beren hizkuntzan) eta hurrengo egunean beste irakasle erreferentearekin aritzen dira. Eredua elebiduna da Haur Hezkuntzan (euskara eta frantsesa), eta hirueleduna izango da Lehen Hezkuntzan, gaztelania gehituta.

Euskadiko ikastetxe askotan bezala, Larrungo metodologia aktiboak txokotan edo ikasketa-guneetan egituratzen du bere eguneroko jarduna. Haurren jakin-mina pizten da era honetan, ikaskuntza autonomoago bati bide emanez, ikasle bakoitzaren erritmo naturala errespetatuz. Horrela, Larrungo ikasleek honako txoko hauek dituzte: irakurketa eta idazketa txokoa; logika matematikokoa; jolas sinbolikoari eskainia; plastika txokoa; eta eraikuntza txokoa.