Munduko ekintzailetza eta berrikuntza zentrorik konektatuena izango da BAT, eta irailean irekiko ditu ateak Torre Bizkaian

0

Nazioarteko 140 nodo baino gehiagotarako sarbidearekin BAT, B Accelerator Tower, munduko ekintzailetza eta berrikuntza zentrorik konektatuena izango da irailean Bizkaia Dorrean ateak irekitzen dituenean. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Estíbaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea aurkeztu dute gaur proiektua, eta zentroaren izena eta irudia azaldu dute Gonzalo Sánchez PwC enpresako presidentearekin eta Irene Boni Talent Gardeneko zuzendari nagusiarekin batera.

Nazioarteko konexioa BATren faktore bereizgarrietako bat da, eta hori posible eta egingarria da PwCk sortutako aliantzari esker, zentroa Talent Gardenekin eta Impact Hubekin batera jarduteko. Elkarrekin esperientzia zabala dute berrikuntzako enpresa-proiektuen azelerazioan eta inkubazioan, eta 140 zentro baino gehiago dituzte mundu osoan zehar: Shangai, Singapore, Tokio, Boston, New York, Sao Paulo, Dublin edo Tallin-en.

Unai Rementeriaren ustez, BAT estrategikoa da Bizkaia ekintzailetza aurreratuaren eremuan nazioarteko erreferente bihur dadin. Badauzkagu beharrezko fiskalitatea, talentua, azpiegiturak, konpromiso politikoa eta ekosistema. Badauzkagu ikuspegia eta anbizioa. Baina gure topaleku eta munduarekiko elkargune izango zen leku bat falta zitzaigun. Eta leku hori Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa da. Torre Bizkaia. Bertan, elkarlanean oinarrituta, lehiakortasuna irabazi ahal izango dugu, eraldaketa eta aukera handiei aurre egiteko, abangoardiako herrialdeetan bezala, ziurtatu du.

Bilboko alkateak proiektu honekin lankidetzan aritzeko asmoa adierazi du. Haren esanetan, proiektu honek osatu egingo du Udalak ekintzailetzaren eremuan dituen zerbitzuak. Hartara, orain era guztietako ekimenetara iritsi ahal izango gara: txikienetara, handienetara, startupetara eta bestelakoetara. Eta hori guztia Bilbon, ideia handi eta apurtzaileak sortzen diren eta aukeraz beteta dagoen hirian. Juan Mari Aburtok, era berean, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du, elkarrekin gehiago eta indartsuagoak baikara.

Pertsona ekintzailearen balioa ikusarazteko eta legitimatzeko unea da, berrikuntzak eginez, enplegua sortuz eta, kasu askotan, aldaketa sozial eta disruptiboen liderra izanik. Horregatik, BAT ekimena albiste bikaina da Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat, gure ekosistema eta nazioarteko posizionamendua hobetzen lagunduko duen ekimena baita. Izan ere, Talentuaren tokiko harrobi bat sortzea, erakartzea, gaitzea eta babestea, datorren hamarkadako proiektu berrien buru izango den talentu ekintzaile-sustapenaren hurrengo belaunaldia garatzeko, euskal ekintzailetzaren erronka handienetako bat da 2030erako, ziurtatu du Estíbaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea.