Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren agerraldia

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariarekin batera, agerraldia egin du gaur goizean Osasun Batzordean, Gabonetako oporraldiaren ondoren ikasgeletarako itzuleraren alderdi esanguratsuenen berri emateko, omikron aldaeraren gorakada betean.

Bildarratzek nabarmendu du, lehenik eta behin, Hezkuntza Sailak urtarrileko itzulera honetan izan duen lehentasuna irailean ikasturte hasierarako izan zuen bera izan dela, presentzialtasuna bermatzea, nahiz eta bi une horietan egoera epidemiologikoa oso desberdina izan den. Ildo horretan, sailburuak datu esanguratsuak eman ditu: abenduaren 22an, ikasleek Gabonetako oporrak hasten zituztenean, 14 eguneko intzidentzia-tasa 1.495ekoa zen Euskadin. Oporretara itzultzeko, urtarrilaren 11n, tasa hori 4,5 aldiz baino gehiago biderkatu zen, 20 egunetan soilik. Egun horretan 6.936koa zen tasa.

Intzidentzia-tasaren gorakadaren testuinguru horretan, sailburuaren hitzetan, oporren osteko eskola-jardueraren lehen astean gela guztiak irekita egon dira. Dena den aste atipikoa izanik, onartu du ikasgelaren bat zenbatu gabe gera zitekeela. Ildo horretan, Bildarratzek hezkuntza-sistema osatzen duten kolektibo guztiak egiten ari diren lana eskertu eta aitortu du.

Txertaketa

Gaurko egunez, Osasun Sailak bidalitako datuen arabera, 5 eta 11 urte bitarteko ikasleen % 53,2k jaso du txertoaren lehen dosia: 77.140 ikaslek, guztira. Bildarratzek adierazi du espero duela txertaketaren aurrerapenak aukera emango duela eragina jaisten jarraitzeko Haur eta Lehen Hezkuntzako geletan, lehen hiruhilekoan goragoko etapetan gertatu zen bezala.

Ordezkapenei dagokienez, adierazi du joan den astean Hezkuntza Sailak irakasleen 3.032 ordezkapen kudeatu dituela (sare publikoan) Ordezkagune aplikazioaren bidez. Sailak urtarrilaren 5ean ireki zuen aplikazio hori, ikastetxeek ordezkapen-eskaerak aurreratu ahal izan zitzaten.