Zabalik da 2022-2023 ikasturterako aurrematrikula epea

0
PRUEBA

Hezkuntza Sailak gaur, urtarrilak 17, ireki du datorren 2022-2023 ikasturterako aurrematrikula epea, Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua. “Zure zain gaude” leloarekin (“Te esperamos” gaztelaniazko bertsioan), urtarrilaren 28ra arte egongo da irekia epe hau (28 barne).

Onarpen-prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 697 ikastetxe (horietatik 454 publikoak, %65). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 538 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 333 publikoak, hots, %62), eta 542 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (335 publikoak, hau da, %62). Bestetik, Lehen Hezkuntza 533 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (333 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 326 izango dira orotara.

Ohikoa denez, eskaerak aurkezteko bi bide ipiniko ditu Hezkuntza Sailak familien esku: online burutu ahal izango da prozesu guztia, dokumentazioa aurkeztea barne, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez (www.euskadi.eus/hezkuntza); baina aurrez aurre ere egin ahal izango da, lehen aukeratzat markatu den ikastetxean (idazkaritza ordutegian).

Kontuan izan beharreko egutegia:

  • urtarrilaren 17tik 28ra: eskabideak eta agiriak aurkeztea

Online edo aurrez aurre ikastetxean (idazkaritza ordutegian)

  • otsailak 15: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira
  • martxoak 8: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 15era arte erreklamazioak egiteko epea.
  • Martxoak 22: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 22ra arte.

Baremoa eta irizpideak

Eskaeren baremazioa ez da ikastetxe guztietan egin behar izaten. Ikasmaila eta hizkuntza eredu baterako eskaera kopurua –hauen hurrenkera edozein delarik ere– eskainitako plaza-kopurua baino handiagoa duten ikastetxeetan soilik barematzen dira eskabideak.

Aurreko urteko onarpen-prozesuan (2021-2022 ikasturterako), eta 2 urteko geletarako (Haur Hezkuntzako lehen zikloa), maila hori eskaintzen duten ikastetxeen %95,1ek ez zuen barematzeko premiarik izan. Honela bada, familien %98,6k lehen aukeran markatutako ikastetxean eskuratu zuen plaza, maila honetan.

Baremorako ezartzen diren kriterio guztien artean, punturik gehien ematen duena, aukeratutako ikastetxean matrikulatutako neba-arrebak izatea da: 6,5 puntu orotara. Irizpide honen atzetik dator bizilekuak ikastetxetik duen hurbiltasuna, 6 punturekin. Puntu hauek eskuratzeko, ikaslearen bizilekuak eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egon beharko du.

Familia unitatearen urteko errentagatik orotara 3 puntu lor daitezke. Bi puntu izango dira, 2020ko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez baditu 13.300,00 euroak gainditzen. Horrez gain, aurreko kasuan, 0,25 puntu gehituko dira eskatzailea ez den seme-alaba adingabe bakoitzeko. Era berean, bi puntu ematen dira ikasle eskatzailearen desgaitasun kasuetan.

Baremoko gainerako irizpideak, onarpen prozesua arautzen duen 2021eko abenduaren 14ko Aginduan jasotzen dira (IV. eranskina, Baremoa eta irizpideak)

Eskaerako 12 ikastetxe ere bai

Eskaeran familia bakoitzak 12 aukera arte markatu ditzake gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakoitzak izan dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein dela ere lehentasunen ordena, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Dena den, baremazio hau soilik egingo da maila eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskaeren kopurua, eskuragarri dauden plazen kopurua baino handiagoa bada.

Honela, familiek ziurtatua dute puntu gutxiago duen beste familia bat ez dela inola ere norbera baino lehen sartuko aukeratu duen ikastetxe batera, baremazioa egin beharra dagoen kasuetan. Sistemak ahalik eta aukerarik onena ematen die familiei, hautatutako zentro bakoitzean dituen puntuen arabera.

Bestetik, onarpen-prozesu horretan familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko. Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz. Azken batean, familiei tramiteak erraztea bilatzen duen neurria da.

Familia askori izapideak egiteko lana arinduko dion beste neurri bat, honako hau da: ez dela beharrezkoa sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hau horrela da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen duten kasuetan, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute. Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, eskaera egin beharra izango du. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere, familiek eskaera egin behar dute.

Informazio gehiago: www.euskadi.eus/hezkuntza