Barakaldok ‘Begirada Morea’ jarri du martxan, nerabeen artean jarrera matxistak aztertzeko proiektu soziologikoa

0

Begirada Morea. Mirada morada. Hau da Barakaldoko Udalak Emakumeen Arloaren bidez indarkeria matxistaren kontrako ekimen berrietako bat bezala martxan jarriko duen programa berria. Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, ikastetxeekin batera egingo den ekimena aurkeztu du gaur goizean.

Begirada morea 8 eta 18 urte bitarteko ikasleek eta horien ikastetxeetako irakasleek indarkeria matxistari dagokionez dituzten jarrerei eta pertzepzioari buruzko azterlan soziologikoa egitean datza. «Dakizuen bezala, argi daukagu hezkuntza funtsezko tresna bat dela indarkeria matxista errotik kentzeko. Programa honen bidez hiriko nerabeek indarkeria matxistaren kontra duten sentsibilizazio-maila ezagutu nahi dugu; bai eta zer pertzepzio duten irakasleek ikasleen inguruan gai horri dagokionez», azaldu du alkateak.

Programaren baitan ikasleek zein irakasleek ematen dituzten iritziei buruzko deskribapen-azterlan bat egingo da. Horretarako, otsailean eta martxoan, Barakaldoko Udaleko Emakumeen Arloak prestaturiko galdetegi anonimo bat bidaliko da ikastetxeetara. Ikastetxe parte-hartzaileek galdetegi guztiak bete ostean, txosten bat egingo da azterlan soziologiko horretatik eskuratutako emaitzekin. Ikastetxe parte-hartzaileek 2022ko amaieran ikusi ahalko dituzte emaitza horiek.