Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak agerraldia egin du, gaur goizean, prentsaurrekoan, Euskadiko egoera epidemiologikoaren eta txertaketa- eta asistentzia-egoeraren berri emateko, bai eta Lehen Mailako Arreta sendotzeko azken neurrien eta emandako urratsen berri ere.
Hori horrela, Sagarduik iragarri duenez, erregistratutako azken datuen ondoren, Euskadin joera-aldaketa hasi dela antzeman daiteke, bilakaera epidemiologikoan “beherakada geldoa” ikusten baita.
Azaldu duenez, joeran antzeman den aldakuntza hori bat dator hiru faktore nagusirekin: batetik, gizarte-interakzioak gutxitu egin dira, Gabonetako sasoiaren ondoren; beste batetik, bi aste igaro dira Lehendakariaren dekretu bidez hartutako prebentzio-neurriak sendotu direnetik, eta, azkenik, antolamenduzko protokolo eta neurriak egokitu dira, ekintza gehien behar dutenengan zentratzeko.
LEHEN MAILAKO ARRETA
Hori horrela, sailburuak koronabirusaren kutsadurek gora egin izanaren ondoriozko beharrei aurre egiteko eta arreta gehien behar dutenetan, alegia, pertsona kalteberetan zentratzeko hartutako azken neurri zuzentzaileen berri eman du:
- Antigeno-proben erabilera areagotu da. Hala, emaitzak azkarrago jakin dira.
- Tarteko lekuak gaitu dira proba diagnostikoak egiteko.
- Bide paralelo telematikoak sortu dira honako administrazio-eginkizun honi erantzuteko: aldi baterako ezintasunak izapidetzea, laneko bajak. (Lortu da familia-medikuntzako profesionalen kontsultatik azken 18 egunotan aldi baterako ezintasunerako 85.000 eskabide baino gehiago ateratzea, web-orriko inprimakiari esker, eta, egun batzuetan, inprimakiaren bidez soilik 7.000 eskabide ere izan dira)
- Administrazio-eremuko 140 pertsona kontratatu dira osasun-zentroen errefortzurako.
- Telefono-bideak sendotu dira, kutsadurei eta egoera partikularrei buruzko zalantzak argitzeko, osasun-zentroetara gero eta dei gehiago egiten ari direla ikusita. (Bi astean, milioi bat dei inguru jaso dira, eta, haiek kanalizatu direnez, irisgarritasuna areagotzea lortu da.
- https://www.euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berria/ web-orria eguneratu da, herritarrek modu argian eta eskuratzeko moduan eduki ahal izateko hainbat kasutan jarraitu beharreko urratsak. Gune horren bidez, lehen osasun-zentroetako telefonoetan galde zitezkeen zalantzak argitzea izan da helburua.
- Azkenik, kanpaina bat egin da hedabideetan, webgune hori leku gehiagotara iristeko, bannerren bidez prentsa digitalean, sare sozialetan edo irratiko iragarkietan.
Sailburuaren hitzen arabera, neurri horiek eragina izaten ari dira Lehen Mailako Arretako profesionalen egunerokotasunean; eskerrak eman nahi izan dizkie jardunaldi bakoitzean egiten duten hurbiltasuneko lanagatik.
Txertaketa EAEn
Amaitzeko, Sagarduik iragarri du Osakidetzak atzo zabaldu zituela agendak 30 eta 39 urte bitarteko pertsonei oroitzapen-txertaketa emateko. “Atzo, 15.000 hitzordu baino gehiago eman ziren kolektibo horretarako”, esan du.
Gainera, 20-29 urte bitartekoen txertaketak aurrera egin du % 85,6 arte dosi batean eta, 30-39 urtekoen artean, % 87,4 arte. Azkenik, Sailburuak gogorarazi du Osakidetzak jarraitzen duela lehen, bigarren eta hirugarren dosien txertaketan murgilduta, bai eta txertaketa pediatrikoan ere.