Euskadiko Klusterrekin lankidetzan aritzeko protokoloa, enplegurako eta gizarteratzeko berrikuntzaren arloan

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Euskadiko klusterrekin jarduteko protokolo orokor bat egitea onartu du, prospekzio, prestakuntza, enplegurako berrikuntza eta gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko. Une honetan gauden hiru trantsizio global handiei eta 2030eko Euskal Enplegu Estrategiari lotuta dago protokolo hori.

EAEko industria-sektore nagusiek Euskadiko Klusterren sarea sortu dute, enpresen lehiakortasuna areagotzeko haien arteko lankidetzaren bidez. Euskadiko klusterrek honako hauek bultzatzen dituzte: enpresen arteko koordinazioa, sektorearentzat garrantzitsua den informazioa eskuratzea, ezagutzaren eta aukeren arteko alderaketa, lankidetza-proiektuen babesa, eta ikuspen nazionala eta nazioartekoa sustatzea.

Gainera, leku pribilegiatuan daude lehiakorra eta berritzailea izan nahi duen ekoizpen-sare baten beharrak betetzen dituzten lanbide-profil egokiak identifikatzeko, eta etorkizunean beharrezkoak izango diren gaitasunak aurreratzeko eta aurreikusteko, prozesu eta produktu berritzaileetara egokitzeko.

Covid-19k eragindako krisiaren ondoren, Europako Batzordeak zuzendutako berreskuratze ekonomikoko prozesuan politika publikoak lerrokatu ziren, ez bakarrik indarberritze sozioekonomikorako, baita ekonomia eraldatzeko ere, erresilientzia, kohesioa, berrikuntza, berdintasuna, jasangarritasuna eta ongizate inklusiboa oinarri hartuta. Aurre eman beharreko hiru trantsizio global nagusi identifikatu dira, eta horien eraginak ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko eta genero berdintasuna lortzeko jarduketak antolatzen dira.

Joan den apirilean onartutako 2030eko Euskal Enplegu Estrategiak zehatz-mehatz jasotzen ditu kalitateko enplegua eta enplegu inklusiboa sustatzeko erronka handienetako bi, bai eta ekoizpen-sarearen lehiakortasunari lagunduko dion enplegua sustatzea ere. Horretarako, Lan eta Enplegu Departamentuaren eta Lanbideren bidez gauzatuko den protokolo hau prestatu da. Kluster hauek sinatu dituzte: ACICAE, ACLIMA, ERAIKUNE, Euskadiko Elikaduraren Klusterra, GAIA, AFM, HEGAN, MLC ITS Euskadi eta UNIPORT. Hala ere, indarrean dauden bitartean, egokitzat jotzen dituzten beste batzuk atxiki ahal izango dira.