Oihan Sancet Lezamako prentsa aretoan egon da FC Barcelona San Mamesen hartzeko bi egun falta direnean Kopako final-zortzirenak jokatzeko (osteguna, 21:30ean). Athletic Clubeko aurrelariak badaki zaila izango dela osteguneko partida, baina taldea garaipena lortzeko gai ikusten du: “Beti da une egokia irabazteko. Kopan kanporaketak gainditzen jarraitzeko ideiarekin goaz eta ez dugu ideia hori burutik kenduko. Irabazteko gai gara, behin baino gehiagotan erakutsi dugu eta mentalitate horrekin goaz”.
Taldeak Superkoparen ostean izan dituen sentsazioei buruz, jokalari nafarrak argi utzi du prest daudela hurrengo erronkari aurre egiteko: “Final bat galtzea ez da atsegina, baina hurrengo partidan pentsatu behar dugu eta arreta bertan jarri. Mentalizatuta gaude datorrenerako. Sentsazioak onak dira, taldeak gauzak ondo egiten ditu eta ondo jokatzeak partidak irabaztera eramaten zaitu”.
Sancetek argi dauka zein izango den osteguneko neurketarako gakoa: “Guk gure joko planarekin joango gara, aurkariari arreta jarri baino, guk egiten dugunari helduko diogu. Gure gauzak ondo egin behar ditugu, gu geu izan eta haien bila joan”.
Luis Enriquek bera deitzeko aukeraz galdetu diote nafarrari: “Nire helburu nagusia Athletic da, nire taldea da, eta horretan jartzen dut arreta. Ondoren etorriko den guztia ongi etorria izango da, baina Athletic da nire lehentasuna”.