Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin die Kanpoko Euskal Komunitateko Covid-aren biktimei

0

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Marian Elorzak, eta Kanpo Harremanetarako Euskal Komunitateko zuzendariak, Gorka Alvarezek, parte hartu dute gaur goizean Covid-19ren ondorioz hil diren Kanpoko Euskal Komunitateko pertsonen omenaldian. Ekitaldian Amerikako, Asiako, Europako eta Ozeaniako Euskal Etxeen ordezkariak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea izan dira.

Omenaldia Arabako hiriburuko Sempervirens Parkean egin da. 2020ko irailean inauguratu zen, pandemiaren biktima guztien oroimenez, eta lore-eskaintza bat izan da parkeko sekuoia handiaren aurrean, txistulari-talde batek interpretatutako hainbat musika-piezarekin batera.

Marian Elorzak adierazi du pandemia bizitzako ia alderdi guztiak aldatzen ari dela, eta gogorarazi du Euskal Diaspora ez dela egoera horretatik kanpo geratzen.

“Kanpoko eta nazioarteko jarduera baldintzatu egin da, bi urte gogorrak izaten ari dira Euskal Etxeentzat ere, eta egoera hori laster aldatzea espero dugu”- amaitu du.